ESKOLA BIDEA; ESKOLARA MODU AUTONOMO ETA SEGURUAN.

Erabiltzailearen aurpegia Hezkuntza proiektua 2018ko api. 12a, 12:12

Eskolara bidea proiektua aurkezten, eskolan.

Eguraldia dela eta, eskola bideko saioen datek aldaketak jasan dituzte.

Badira hilabete batzuk eskola bidea proiektua lantzen hasi ginela, haurrak eskolara beraien kabuz eta modu seguruan joan ahal izateko aukerak sortzea xede duen proiektua.

Otsaila bukaera aldera egin genituen eskolako lehen saio edo mapeoak. Saio hauetan Lehen Hezkuntzako ikasleek eskolara joateko egiten dituzten bideak ezagutu genituen, bide hauek eskaintzen dituzten abantailekin zein oztopoekin.

Aste santu aurretik berriz, “beldur eta arriskuen” saioak egitea zen asmoa, baina izandako euriteak kontuan izanik, saioak atzeratzea erabaki zen eta apirilaren 16tik 20ra bitartean burutuko dira. Saio hauetan geletan aipatutako oztopoak kalez-kale aztertuko ditugu eta hobekuntza proposamenak egiteaz gain, oinezkoen zein auto gidarien jarreretan eragiteko ekintzak ere burutuko dira.

Gurasoei proiektuaren berri emateko ere aurkezpen saio bat egin genuen eta aurrera begira, kezka eta zalantzez hitz egiteko saioa  ere egitekoa da. Hau baina, haurren saioak eginda daudenean egitea komeni da, saioetatik eratorritako ondorioak ezagutzera eman ahal izateko. Hasiera batean apirilaren 17an egitea pentsatzen bazen ere, hau ere atzeratu egin beharko da eta ondo bidean, apirilaren 24an burutuko da antzokian arratsaldeko 18:00etan.

Saio hauen ondoren, bideen proposamena eta froga pilotua egingo dira.