Pertsona honek, Lurraldebus/Pesara jo ondoren, txartelak online erostea zela onena erantzun zioten. Plaentxia.eus-en haserrea azaldu ondoren sinaduren bilketaren ekimena abiarazi zuen. Alkatearen aldetik, aldundiko mugikortasun sailarekin berba egin zuela eta aurrerantzean txartelaren erreserbak telefonoz egin daitekeela esan zion.
Kontua da, Donostia gure hiriburua izanik, kontsulta medikoak, erosketa asko eta bestelakoak bertan egin behar ditugula, baina garraio publikoan bertara heltzeko ez daukagu inolako erraztasunik.
Alde batetik, esan bezala, jendea autobusa hartu ezinda gelditu izan da. Baina bestetik, ordutegia ere murritza da. Goizean adibidez, 08:05etatik 14:15ak arte autobusik ez dago.
Pare bat iradokizun egin izan ditut azken urte hauetan Lurraldebus/Pesa-n, eta erantzuna beti Eibartik Donostiara maiz daudela eta baita Soraluzetik Eibarrera ere. Beraz, haien iritziz, ez dago ezer aldatzeko.
Gai honekin haserre nabilela, aste honetan, benetan amorratu egin naiz Foru Aldundiko “Aurrekontu IREKIAK 2021” buzoian jaso dudanean. Bertan 18 proiektuetatik 5 hautatu ditzakegu. Zalantza galanta piztu dit erantzuterakoan, zein aukeratuko dut? Adinekoen arloan “Bizikletak adinik ez” edo Mugikortasun jasangarrian “Gipuzkoa bizikletaz app-aren diseinua”?
Guzti hau edozeinentzat zentzugabekeria bada ere guretzako, pentsionistentzako, astakeri galanta da, bizikletak, App-ak, online, telefonoz… Adinekoen bizitza erraztu beharrean, berriz ere zailtasunak jartzen.
Agian 60 urtetik gorakoak, txartelak lortu ezinik, bizikletaz joan beharko dugu Donostiara.
Etzozi Larrañaga