Harrituta gaude. Hiru urte eta gero GDIren lana “presak ez botatzera” sinplifikatzea, gutxienez, harrigarria da.
Ez dakigu ezjakintasuna den, edo guk egindako lanak entzuteko edota irakurtzeko interesik eza edo, besterik gabe, kokapen politikoa irmoa, inolako oinarri gabeko planteamenduak defendatuz “beste batzuk” Europatik datorren dirua lortzeko.
Lehenik eta behin jakizu guk erabilitako informazio guztia gure inguruko erakundeen (Ur Agentzia, Merlin proiektua, Soraluzeko Udala, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia...) dokumentazio ofizialean oinarrituta dagoela.
Denbora hartu duzu URAk Soraluzerako dituen planak zehatz-mehatz ezagutzeko? Merlin berarenak? Soraluzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra? Olaldearako plan berezia? Badakizu zein izan den eta zein den Deba ibaiaren egoera bere fronte kimiko, ingurumen, ekologiko, morfologiko, garbiketa edo iragazkortasunean? Ezagutzen al dituzu Europak erabiltzen dituen ibaien egoera neurtzeko indizeak? Ezagutzen al dituzu Gipuzkoako Foru Aldundiak ibaietarako dituen planak eta horien zehaztapena Soraluzen?
Esaten duzu “pisudun” inork ez duela gure jarrera defendatzen. Esan bezala, gure lanak datu ofizialetan oinarrituta daude, eta egileak tekniko-"pisudunak” direlakoan gaude. Hori bai, iazko prozesuan iritzi bakar bateko parte-hartzaile “pisudunak” ekarri zituzten, guztion diruarekin ordainduta; GDikoek ezin izan genuen hizlaririk proposatu ezta gure kasa ekarri .
Ibaiari protagonismoa ematearen garrantzia adierazten duzu, “naturala” hitza behin eta berriz aipatuta. “Naturala” deritzozu URAk onartu eta planifikatutako (35/2023 eta 197/2023 Errege Dekretuak) zementuzko ubidea? Malmeroko presatik gora 280 metrotan, 15 m zabal eta metro bat sakon izango da. Ez dizugu ezer entzun URAren planen kontra, agian oraindik jabetu ez zarelako.
Gure lana gutxiesten duzu, baina bada harritu dena. Besteak beste Aldundiaren Kultura zuzendaria eta arkeologo nagusia, gure moduko herri txikian halako lan-maila topatzeak ezustean harrapatu zituen eta (Unai Larreategi eta Ana Maiztegi lekuko). Bilera hartan ibaiaren lan serio eta integralaren beharra nabarmendu zen, alkatearen lidergoarekin.
Uste dugu azken hiru urtetan GDIk demostratu dugula lanerako eta elkarlanerako gaitasuna, informazioa bildu eta aztertzeko ahalmena eta ondorioak ateratzeko sena. Itxura denez lana zuzena da, hiru urtetan Merlineko inork esandako ezer ez digulako ezeztatu. Zergatik?
Eta, zuk uste duzunaren kontra, gureak ez diren jarrerak onartzen ere badakigula, atzetik informazioa, lana eta koherentzia badago.
Beraz, Soraluzeko Deba ibaiaren Plan Integrala egiteko gure gaitasuna eta ezagutzak eskaintzen ditugu berriro, inolako konplexurik gabe. Lanerako beti prest!
Ondo segi,