Paisaia-arloko jardunbide egokien Gidaliburua (Hiriko ibai-eremuak) ikerketa lana, Aida López-ek, Lara del Valle-k, Arturo Azpeitia-k eta Agustín Azkarate-k ondua (EHUko Kultur Paisaien eta Ondarearen UNESCO Katedra) halaxe dio Soraluzeri buruz: “Kasu berezia da… aintzat hartzen baditugu maldan jarritako kokaguneen konplexutasuna eta historikoki ibaiertzetan egin izan diren jarduerak”.
Eta geroago: “ibaia da herriaren ardatz egituratzailea, eta presentzia handia dauka udalerrian”.
Nahiz eta kokagunea estua eta zaila izan, Soraluzek hiri-bilbea eta ondarea ibaiarekin modu atseginean integratzea lortu du: “Soraluze udalerriak, Deba ibaiaren haran estuan izandako hiri-garapenaren adibidea izaki, ibaiaren konnotazio positiboa goratzen duen tratamendua eman dio ibai-fatxadari, hirigunetik igarotzen den tartean. Ibaiertzetan, hirigune historikotik igarotzen den tokian, ubideratze gogorraren egokitzapena sustatu da, hormigoizko murru bertikalekoa. Ubideratze horrek, hiria ibaiertzen gainean haztea ahalbidetu zuen lan hidraulikoa bada ere, mintzaira atsegina sortzen du, eta hiri-bilbearen, ondare-mugarrien eta guztia ardazten duen ibai-sistemaren arteko harremana sustatzen, onarturik herritarrak, eguneroko erabilerekin, ibaiari lotutako eremu publikoen bilakaeraren parte direla”.
Soraluzek jakin izan du gordetzen Debarroko beste herri batzuetan galdu dena: “Ezaugarri bereko beste hirigune batzuekin alderatuta, Soraluzeko hirigune historikoko ibai-fatxadek nolabaiteko kalitateko tratamendua jaso dute adibide modura ekarri ditugun tarte batzuetan (eraldatzeko potentziala duten antzeko ibaiertzetan, tratamendua errepika liteke)”.
Arrakasta-kasu hau, hobetu daiteke? Txostenak baietz dio, eta ekintza batzuk proposatzen ditu; esate baterako: “ur-xaflaren kotara dagoen pasealeku publiko”, “ibai-fatxada osatzen duten industria-ondare hidraulikoaren elementuei balioa ematea”, “ur-xaflarekin harreman zuzenekoa edukitzeko topalekuak formalizatzea”, “…ibai-paisaiako elementu garrantzitsuak mantendu eta baloratzea; hala nola jalkinen arrasteagatik sortutako irlak, presek sortzen dituzten pilatzeak eta emariaren irregulartasuna”.
Eta beste gauza bat ezinbestekoa irizten zaigula: “Ibaiaren konnotazio positiboa goratzea, hirigunetik igarotzen den tokian”, “begirada afektiboa ibaiari” garatzeko.
Merezi du irakurtzea EHUko Kultur Paisaien eta Ondarearen UNESCO Katedrak osatutako txostena. Ikasteaz gain, soraluzetarron herri identitatea sendotzeko balio du: Gure herriak merezi du!
Zortzi orrialde dira, Soraluzeko ibai paisaia goraipatuz. Sakatu hemen.