Zorionak Soraluzeko Udalari!

Erabiltzailearen aurpegia Gure Deba Ibaia 2023ko mar. 31a, 16:36

Gusto handiz (eta zergatik ez esan, pixkat harrituta) ikusi dugu Udalak aurkeztu duen Soraluze bizi, Soraluze izan web orria. Lantzen dituen lau gaietatik bik arduratzen gaitu: Deba ibaia eta armagintza. Eta bereziki bi gai hauek lotzen dituzten Malmero eta Olabarrena presek. Poztekoa da Udalak gaiari daukan garrantzia ematea, ea iritzi berbera mantentzen duen hurrengo hilabeteetan.

Soraluze bizi, Soraluze izan udal web orriak lau gai lantzen ditu, laurak herriaren ondarearekin lotuta: armagintza, kultura herrikoia, Deba ibaia eta Dolmenen ibilbidea.

Deba ibaia azaltzerakoan, presak eta aisialdia lehenetsi dute irudietan: arrantza, piraguak... Ezaugarri fisikoez gain, ufalak ere aipatzen dira, historikoak zein azken biak (1983, 1988), inguruko beste herritan ez bezala Soraluzen hildakorik sortu ez zituztenak.

Beste aldetik, armagintzaren historia eta gremioak azaltzen dira, ekoiztutako produktuak eta geratzen zaigun ondarea.

Bertan agertzen dira Igareta (Malmero) eta Ybaiçabal (Olabarrena) errotak bere presekin. Lehena XIV. mendean egurrez eraiki bazuten, 1500. urte inguruan harrizkoa jaso zuten, oraindik (eta ez dakigu noiz arte) gorde dena, hain zuzen. Bigarrena pixkat berriagoa da, 1534.ean eraiki zuten eta. Ordurako, biek ala biek arkabuzak zulatzeko barrenak zituzten, garia eta beste laboreak apurtzeko errotarriez gain.

Azken bostehun urteetan bi presa hauek Soraluzeren irudi ikonikoa osatzeaz gain, ibaia gozatzeko hainbat aukera eman diete herritarrei: igeriketan egin, arrantza, arraunetan, urakapinetan, kukañak…

Txalotzekoa da Antton Alberdi, Aranzadi eta Eñaut Aiartzaguenaren lana, informazioa aberatsa izateaz gain erakargarria da oso eta.

Eta txalotzekoa ere Soraluzeko Udalaren erabakia, informazio guzti hau gazte eta helduen eskura jartzeagatik, zer garen eta nondik gatozen ez ahazteko: Soraluze bizi, Soraluze izan!

Web orri hau oraindik ezagutzen ez baduzu, sakatu hemen, merezi du eta!