Domekan orrialde osoko artikulua agertu zen Diario Vascon, Debabarrenako atalean, "Un pueblo con la mirada puesta en el rio… más que nunca" izenburuarekin.
Bertan, MERLINen asmoak jasotzeaz gain, gure herrian sortu den kontrako mugimendua agertzen da.
Erreferendum eskaeraren oihartzunak herriko mugetatik haratago heltzen ari dira. Orain dira bi aste Euskadi Irratiak jasotzen bazituen, Baipasa arratsaldeko magazinean, oraingo honetan Diario Vascok orrialde osoko informazioa ekarri du.
Debabarrenerako arduradun berriak, Jabi Leonek, ondo artikulu mardula eta orekatua osatu du, egoeraren bilakaera azalduz.
Aurretik, artikuluak MERLIN proiektua aurkezten du, Europa mailako helburu eta jarduerak lehenik, eta Debarroan egin nahi diren hamar presa eraisketak gero.
Ostean, bailarako herrien jarrerak kontrajartzen ditu: Mendaro, Elgoibar eta Bergaran ez da erreakziorik sortu, baina Soraluzeko kasua zeharo desberdina izan dela, herritar askoren desadostasunarekin hasi eta erreferenduma deitzeko 634 sinadura bildu direlako.
Artikuluaren azken zatian erreferenduma eskatzeko arrazoiak azaltzen dira, eta gaur eguneko egoera, Udalaren erantzunaren zain gaudela.
Auziaren oso laburpen zehatza, irakurtzea merezi duena.