Prezio duinak izatea ezinbestekoa da bizimodu horrekin jarraitu ahal izateko eurek eta ondorengo belaunaldiek. Baina jakiak bakarrik ez dira nahikoa; infraestrukturak, ikaskuntza eta osasun arloko zerbitzuak, banketxeak, internet eta wifia… ere beharrezkoak dira, bizimodu betea izateko, gainerakoan etorkizun iluna ikusten dut nik.
Kontsumitzaileek ere badituzte euren arazoak. Soldata eta egoera ekonomiko askotarikoak dauzkate: batzuk prest daude gehiago ordaintzeko, beste batzuk nahikoa borroka dute hilabete bukaerara heltzeko; batzuentzat elikagaiek garrantzi handia dute euren prioritateen zerrendan, beste batzuek nahiago dute janarietan aurreztu eta aurreztutakoarekin teléfono hobea erosi edo bidaiak egin. Kontsumitzailea bipolarra da askotan.
Prezioen gaiari jarraituta, bi aspektu aztertu beharko genituzke:
Alde batetik produktuen berezitasuna, zeren eta berezitasun horri esker, ez beti, kontsumitzaileetako batzuk prest izango dira gehiago ordaintzeko: kalitatea, ekologikoa, jatorria, zaporea,… eta gehienetan marka batek babestutako janariak dira (baserriaren izenarekin identifikatzen ditugun porruak ere marka dira). Produktu berezi hauen bila mugituko gara, merkatura, dendetara (handi zein txikietara)… eta ondorengo erabakia izango da non erosi eta erabaki horrekin lagun dezakegu prezio duin bat ezartzen, baldin eta produktu berezi horiek eskaintzen dituen saltokian erosten badugu.
Bestetik, hor dago berezitasunik ez duten produktuekin daukagun joera ere. Produktu horiek edozein tokitatik datozela ere, hurbiletik edo urrunetik, askotan ez dakigu nongoak diren, eta garrantzitsuena: ez digu ardura diren Murtziakoak, Nafarroakoak, Marokokoak edo Amerikakoak, gehienetan jaterakoan zapore antzekoa dutelako eta kontsumitzaileek prezioari begiratzen diogulako bakarrik, produktuari eta saltokiari prezio-pertzepzio lotuz. Dendariek ere badakite halako produktuen kasuan prezioa dela garrantzitsuena eta ahaleginduko dira preziorik merkeena jartzen kontsumitzaileak bereganatzeko. Eta merke saldu ahal izateko, merke erosi behar, eta horrela zaila da prezio duin bat izatea nekazarientzat.
Gaur egun, legez, administrazioak ezin du preziorik ezarri, ez erosteko eta ez saltzeko, eta bide horretan egindako ahalegin guztiek ez dute ibilbide handirik izango, aste honetan Madrilen gobernuak hartutako erabakiek ere, nahiz eta aurrerapauso txiki bat izan, gomendioak dira gehienak eta ez dago derrigortasunik.
Negoziazioetan nekazarien eta dendarien arteko hartuemanak oso gogorrak izaten dira, eta, gainera, batzutan erdian bitartekariak izaten dira; transportistak, produktuak poltsetan sartzen dutenak, eta abar…. eta denek dute bizitzeko asmoa, normala dan bezala. Gainera, kontuan izan behar da dendek saltzen dutena ez dela 8/100 besterik, gainerakoa fabrika edota exportazio bidez komertzializatzen dira eta. Horregatik, nekazariek euren artean elkartu behar dute, kooperatibetan edo beste egitura mota batzuetan, indar gehiago izateko, dendariekin negoziaziatzean, edo gasolina, pentsu, edo haziak erosi behar dituztenean, edo administrazioarekiko hartuemanetan…..
Bukatzeko, nere ustez, prezio duinak izateko bide bakarra, kontsumitzaileen eskuetan dago, geure erabakietan, bai produktua (bertakoa ahal bada) eta bai berau erosiko dugun lekua erabakitzerakoan (bertako produktu gehien dauzkaten dendetan). Eta nekazarien eskuetan ere bai, euren arteko elkarlanean, eta nortasuna duten produktuak ekoizten.