Ezagutzari dagokionean, azken 40 urteetako jauzia itzela izan da eta horretan instituzioek zein herri mugimenduak erantzukizun partekatua dutela aitortu behar da. Azken urteetan aldiz, erabileran jarri da arreta handia, hutsuneak nabarmenak baitira maila guztietan. Globalizazio aro honetan, kultur kontsumorako mugak lausotu edo hautsi dira eta merkatuaren lege basatian legez, neurririk hartu ezean indartsuenaren legea gailentzeko eta gure herria hor urtzeko arriskuak handiak dira.
Eta hara non, egun gutxiren baitan, richter eskalan 6ko edo 7ko lurrikara eragin duten zenbait gertakarik: Euskadiko Auzitegi Nagusiak Irungo udaltzainen kasuan emandako sententzia, Nafarroan haurreskolekin dagoen borroka eta Atarrabiako lan eskaintza publikoaren auzia eta Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze ereduaren aurka hartutako erabaki larria. Auzi hauek guztiek eta horietako bakoitzak gogorarazi digute menpeko herria dela gurea eta ez daukagula erabateko burujabetzarik gure hizkuntza politika erabakitzeko ere. Euskal hiztunak bigarren mailako herritarrak garela gogorarazi digute.
Euskal hiztunak bigarren mailako herritarrak garela gogorarazi digute
Euskarak Estatua behar du. Demokrazia kontua ere baita hizkuntza eskubideen errespetua. Azken urteetan, gobernuetatik norbanakoaren ardura esklusiboaren gain jarri nahi izan dute euskararen biziraupena, hizkuntza politikan dena irabazitzat emanaz bezala. Marko erabat liberala eta tranpatia izateaz gain, euskararena auzi politikoa ere badela ahaztu nahi izan da.
Azken gertakari hauek, ordea, hizkuntza politiketan jauzi berriak emateko unea dela erakutsi dute, hamarkadetan irabazitakoan atzera egiteko arriskua izugarria baita maila guztietan eta beraz, politikaren unea da honetan ere.