Ez Zubietan ez inon!!

Egunero dator beste arrazoiren bat Zubietako erraustegia EZ ERAIKITZEKO eta Zabalgarbi ere kolokan jartzeko edo zuzenean kentzeko. Gaur bertan Berrian Zabalgarbiri buruzko beste berri bat datorkigu Fernando Palacios CSICeko ikerlariaren eskutik: Zabalgarbiren inguruko landareetan artsenikoa pilatzen jarraituz gero errauste planta itxi egin beharko litzatekeela uste du Palaciosek, inguruko herritarren osasuna arriskuan egon bailiteke.

 

Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikerlaria da Fernando Palacios, eta gertu-gertutik kasu egiten die ingurumenarekin eta kutsadurarekin zerikusia duten gaiei. Zabalgarbiren inguruan metatzen ari den kutsadura ikertzen duen txostenaz galdetu dio BERRIAk.

Hemen bildu ditugu esandirik esanguratsuenak:

  • Eraiki aurretik kontuan hartu beharko zuten aspalditik jakinekoa den gauza bat: hiri hondakinen erraustegiek substantzia arriskutsuak isurtzen dituztela inguruan. Hain zuzen ere, artsenikoari buruz, duela hiru hamarkadatatik dakigu erraustutako materialetatik sortzen dela.

 

  • Artsenikoa ez da Zabalgarbiren inguruan pilatzen ari den substantzia arriskutsu bakarra. Berun kontzentrazio handiak daude lurrean, baita nikela, manganesoa, kromoa, kobrea, kadmioa eta merkurioa ere. Landareetan ere kobrea pilatzen ari da. Artsenikoa, beruna, kromoa, kadmioa eta merkurioa oso arriskutsuak dira, gaixotasun neurologikoak eta minbizia eragiten baitute.

 

  • Substantzia horiek landareetan pilatzearen ondorioz, erraustegiaren eremuko lurretan landatutako elikagaiak ez dira jateko modukoak. Abereek ere ez lukete inguruan bazkatu behar.

 

  • Arriskua bada, bai pertsonentzat eta bai animalientzat, eta ez bakarrik elikagai katearen bidez: uraren eta arnasketaren bidez ere bai. Belgikan egin eta 2003an argitaratutako ikerketa batek frogatu zuen lotuta dagoela landa eremuetako erraustegitik gertu bizitzea eta bertako behien haragia eta hegaztiak kontsumitzeak dakartzan ondorioak.

 

  • Erraustegiek finantzatutako ikerketa gehienek antzeko ondorioak aipatzen dituzte, alegia, balizko beste kutsatzaile batzuk daudela inguruan eta ezin dela lotu topatutako kutsadura erraustegien jarduerarekin.

 

  • Artsenikoaren gisako substantzia arriskutsuen hazkundeak urtetik urtera jarraitzen badu, instalazioa itxi egin beharko litzateke. Erresuma Batuko Medikuntza Ekologikoaren Erakundearen ustez, erraustegien inguruko minbizi kasu gehienak plantak martxan jarri eta hamalau urtera izaten dira.

 

Elkarrizketa osoa irakurri