Udaberria iristearekin batera, Gaztetxeko musika programazioa biziberritu egin da eta zapatu gauean, aurtengo bosgarren musika jaialdia egingo da, punk musikak girotuta. PUnk musikak tradizio handia du Soraluzeko Gaztetxean eta azken aldian, rockarekin eta tecno musikarekin batera gehien programatzen den musika estiloa da berau. Etzi, TKM Punk anisado de Bilbo, Ganzua Gasteiz Crossover Punk eta Eskoriatzako 3 Kuervos taldeek joko dute. Azken talde horretan jotzen du Jon Iglesias Moreti plazentziatarrak bateria, Maitane Otamendi Manzana gitarra-jotzaile eta Joseba Olmo baxu-jotzaile eskoriatzarren ondoan.
Ibilbide luzeko hiru bele
Bi urte dira hiru beleek taldea sortu zutela:"Gogoan dut Moreti-k eta biok, 2003an, Soraluzen, bakoitzak bere taldearekin eszenatokia partekatu genuela. Ordutik lagunak gara, eta beti izan dugu elkarrekin proiektu partekatu bat sortzeko gogoa. Olmo eta biok, berriz, lagun onak gara, eskoriatzarrak biak, eta gogoz geunden zerbaiti ekiteko. Hala, hirurok batu, eta proiektu berri honi 2021eko urrian ekin genion", azaldu zuen Manzana-k iaz Goiena komunikabideak taldeari eskaini zion erreportajean.
Erreportaje hartan taldekideek punk musikaren munduan egin duten ibilbide luzearen berri eman zuten. Moreti plazentziatarraren kasuan, Kalaña, Que Os jodan, Estropajo, Clavo Oxidado eta Katamixarrak taldeetan aritu da, eta orain bateria jotzeko ilusioz dago eskoriatzarrekin batera. Hala adirazi zuen duela urtebete: "Entseatzen gozatu egiten dugu, eta gure oinarria punk estiloa den arren, eboluzio fase batean gaude. Zortzi kantu inguru atera ditugu, baina gure aurreko taldeetako zenbait kantu ere errekuperatu ditugu; ni aritu naizen taldeenak eta baita Maitanek aurrez izan duen talderen batekoak. Abestiak gazteleraz sortu eta abesten ditugu, eta euskarazkoa bakarra dugu".
Zapatuan, gaueko 21:00etan abiatuko da jaialdia eta TKM eta Ganzuaren ostean taularatuko da 3 Kuervos taldea.
Apirileko eta maiatzeko programazioa
Datozen hilabeteetan musika programazioak ez du etenik izango Gaztetxean. Hala, apirilaren 22an, techno musikak hartuko dio lekua punkari, Khris Rios djak gidatuko duen techno jaialdian eta maiatzean, berriz, Musika eskolak bi audizio egingo ditu: maiatzaren 19an, Musika eskolako konboen kontzertua eta 31n, piano audizioa.