Utopia

Erabiltzailearen aurpegia Eguzkiñe Aldazabal 2018ko mar. 1a, 15:10

Eguzkiñe Aldazabal.

Mundu horretako herri honetan ez da kutsaduraz hildako arrainik aurkitzen ibaian. Arrainak zahartzearen zahartzez hiltzen dira, azken saltoa emanda, pozik. 

Autoak oinezkoen beldur dira. Mugak eta errepideak erre ditugu, eta bideak dauzkagu, putzuetan salto egiteko, sokasaltoan jolasteko, nonahi eseri eta hostoak nola erortzen diren begira aspertzeko, lasai.

Herri horretako emakume-gizonek lan egiten dute bizitzeko, ez dira bizi lan egiteko, eta ordainetan, pentsio duinak dituzte. Lasaitasunez janzten dira goizero eta harrotasunez biluzten gauero. Etxeko berogailua pizteko beldurrik ez dute inoiz sentitu, ezta ispiluaren aurrean euren gorputz zimurtua ikusteko lotsarik ere, zimurrak baitira bizipenen oroigarri samurrak. Zahartzaroa da bizitzako etaparik zaporetsuena. Izen-ematerik ez zegoelako, “zaharren egoitzako” ateak aspaldi itxi zituzten. Haien lekuan ireki zituzten “egoitza berriak”, non amona-aitona jakintsuak bizi diren bertan, aske leihoak irekitzeko, aske nahi dutena nahi dutenean esateko, egiteko, jateko. Astean behin, herriko plazan euren hitzaldiak entzun daitezke, bizitza-kaxak, entzuleontzat esperientziaz apaindutako opariak.

Supermerkatuan ez dago preziorik arrautzen kaxan, ezta kontserba-latetan ere. Aspaldi ikasi genuen janaria ama-naturaren tititik hartzen dugun esnea dela, mahatsondoaren kimuetan ez dela inoiz etiketarik hazten. Denbora da herritarrek gauzak baloratzeko erabiltzen duten magnitudea. Artilezko jertse batek, adibidez, 23 ordu eta 14 minutu balio du.

Bai, aldatu egin dira etiketatze-sistemak. Mediku eta psikologoek adimen urritasunaren etiketa balorerik gabe bizi direnei jartzen die, maitatzen ez dakitenei, politikari lapurrei.

Zoologikoan mundu guztitik ekarritako pertsona basatiak ikus daitezke bakarrik: emakumeak gutxietsi dituztenak, animaliak inolako beharrik gabe hil dituztenak.

Ez dago aukeratu gabeko bakardaderik, ez minik, ez maiteminak hautsitako bihotzik, eta are gutxiago minbizirik.

Erraustegiak errauts bihurtu dira, ez dago hotel klandestino bihurtutako banketxerik, ez eta produktu ez ekologikorik.

Eta galdetzen diot nire buruari… zertarako balio du utopiak? Eta Galeanok erantzun: “utopia horizontean dago, beraz, badakit ez dudala inoiz neureganatuko; nik 10 pauso ematen baditut, hark ere 10 pauso ematen ditu, gehiago urrunduz… beraz, zertarako balio du utopiak? Ba ibiltzeko…”