Lau urterekin, oraindik umea zela, hartu zuen bere bizitza sakon markatuko zuen kolpea; ahari batek jo zuen buruan eta eman zio kolpearen eraginez entzumena galdu zuen, ez zeharo (frekuentzia altuko soinuak entzuten zituen), baina bai gehiena. Garai haietan, zoritxarrez, entzumen gabetasuna zuten pertsonek ez zuten gaur egun duten besteko baliabide eta aukerarik eta ondorioz, desgaitasunaren alderdi askori bere kasa egin behar izango zion aurre.
Gazte gaztetatik, kirolean bilatu zuen bere garapenbide nagusietakoa; lehenik, korrikalari moduan, eta aurrerago, futboleko epaile gisa. Atletismoari buru-belarri heldu zion garaian, inguruotako lasterketa asko irabazi zituen antxitxika, tartean, Atxa Memorialaren lehen edizioa, berak garaipenik kuttunetakotzat zeukana. Gero, lesio baten ondorioz, laga egin behar izan zion korrika egiteari eta beste kirol batzuk praktikatzeari ekin zion, eskalada kasu. Horrekin batera, futboleko arbitro lanari ere ekin zion, gizonezkoen nahiz emakumezkoen partiduak zuzentzen, eta mende laurden batez jardun zuen zeregin horretan.
Gainerakoan, Jose Mari ezagutu zutenek badakite pertsona berezia zela, saltseroa, berritsua, kalezalea… Beti edo gehienean izango zuen herriko gertaera edo pasadizoren bat mingainaren bueltan, eta kalean ibiliko zen honi eta hari kontatuz, beti irrifarren ehizan. Zenbat pertsonarekin ez ote du izan tratua herrian...
Guzti horrekin batera, gortasun handia zuen eta horrek are bereziago, desberdinago, bihurtzen zuen Jose Mari. Tamalez, beste hainbat pertsona berezik eta desberdinek bezela, bere larruan probatu zuen hainbaten inkonprentsioa eta bazterkeria. Ostera, bera ez zen kukildu eta bere gorabehera guztiekin, jakin zuen sasi guzti gainetik hegan eginez bizitza pasioz bizitzen, bizi behar den bezala.
Agur Jose Mari! Zorte handia izan da zu ezagutzea eta handiagoa zure lagun izatea!