Jaso burua, baita ukabila ere

Erabiltzailearen aurpegia DavidLindemann 2024ko urt. 29a, 14:02

Soraluze Jaso Burua – oso ona iruditzen zait ekimena, ezinbesteko kontzientzazioa bultzatzen baitu. LHko umeen gurasoontzako hitzaldian izan nintzen joan den astean. Seme nagusia LH-n zegoela, pantailen (eta pantailen edukien) erabileraren inguruko kritika gutxi entzuten zen; are gehiago, kezkarik izan ala ez, pandemiaren koiunturan, gailu elektronikoen erabilpena orokortu egin zen erabat, eta pantaila bitartez ez bazen, lagunartea ezin izango genuen zaindu.

Bidelagun elkarteko ordezkariak emandako hitzaldia, bikaina, eta zorionez ziur egon gaitezke gaiaren inguruko ekimena horrekin hasi baino ez dela egin. Kapitalismoaren kritikak ere bere tokia zuen hitzaldian, bideo-jolasen garatzaileen irizpideak azaltzen zirenean, jolasak garatzeko orduan jarraitzen dituztenak: ahalik eta engantxanteen izatea da irizpide bakarra, jolasaren salmenta eta horrek dakartzan irabaziak baitira ekoiztetxeko ugazaben ardura, eta horretara heltzeko ez dute eskrupulorik, haurren kalterako.

ALTERNATIBA BAKARRA DA ESKLABOTZAREN KAIOLATIK IRTETEA EKIMEN KOLEKTIBISTEN BITARTEZ

Hari honetatik gehiago tiratzeko premia ikusten dut. Izan ere, teknologia enpresa yanki handien esklabotzan bizi gara denok, Varoufakisek cloud capitalism deitzen dion garai honetan (yanisvaroufakis.eu). Ezinezko bihurtu da hiruzpalau enpresa erraldoien jabetza diren hodeietako plataforma komertzialak ez erabiltzea: LH-ko klaseetan parte hartzeko, erosi nahi duguna topatzeko, bezeroak topatzeko, autoan toki jakin batera heltzeko, gaztetxeko kontzertu batzuetaz jabetzeko, asteburuko kirol ordutegia jakiteko, gustuko irakurgaiak eta entzungaiak topatu eta partekatzeko, testu bat itzultzeko, eta abar. Stallmanek dioenez (stallman.org), guk ez dugu plataforma erabiltzen, plataformak erabiltzen gaitu gu. Aberastea helburu bakarra dela.

Software librea, plataforma alternatiboak? Badaude, eta behetik-gorako ekimen kolektibisten bitartez esklabotzaren kaiolatik irtetzea alternatiba bakarra da, Estatuak enpresa horien oligopolioa hausteko deus egiten ez duen honetan. Estatuak horrela egin dezan aldarrikatzen dute batzuek, behinola Rockefellerren monopolioa hautsi zuten moduan. Are ideia hobea iruditzen zait enpresa horiek desjabetzea, hain zuzen ere. Edo deitu: erostea. Google, Amazon, Meta, Microsoft eta Apple enpresen zerbitzuak bikainak dira, bikainak lirateke, jabetza publikoan izanez gero. Herrialde guztietako erabiltzaileak, elkar zaitezte.