Pil-pilean dagoen gaia da energia burujabetza. Madrilgo burtsan kotizatzen duten, energia mundu merkatuetan salerosi eta ehunka miloi euroko energia proiektuak Real Madrileko VIP palkoan negoziatzen dituzten enpresekiko mendekotasuna gainditzeko, Plazentzian makro-errotak eraiki nahi dituen, Florentino Perezen senide batena den Capital Energy bezalako enpresa haiekiko mendekotasuna gainditzeko, energiaren ekoizpena eta banaketa gerturatzea planteatzen da orain lelo horren pean, herriko edo eskualdeko kooperatiben eskuz. Eta hobea da, zalantzarik gabe.
Argindarra joan zitzaigun goiz hartan, bi kamioitzar ikusi nituen pasatzen, erremolke eta guzti, Plazentziako biomasa zeramatenak, urruneko industrialde batean papera egin dezaten. Edo pelletak, beharbada, etxeak berotzeko sistema moderno eta ekologikoak elikatzeko. Gasolina gastatu zuhaitza mozteko, garraiatzeko, urruneko industrialde batean pelletak lehortu eta prentsatzeko, plastikoetan biltzeko. Baita gero guri saltzera berriz ekartzeko ere, gasolina. Gehi horretarako behar den azpiegitura, kamioiak, eta abar. Haize-errota bat eraikitzeko, berdin: mendiko pista bat egin, piezak egin eta ekarri, kobrezko kableak... eta plaka fotovoltaikoek dituzten piezetan, bost kontinenteetatik ekarritako osagarriak izango ditugu. Deslokalizazioaren eromena nonahi.
Bertako energia erabili beharko genuke, bai. Eraikitzeko suntsipena eta energia-gastu ikaragarria ekartzen duten haize-errotena baino gehiago, erreken indarra, pentsatzen dut, Plazentzian aspaldian egiten zen moduan. Egin badaiteke, egin dezagun. Bitartean, bizilagunak dioenarekin bat nator. Txapa bat nahi dut. Modelo Bilbao. Berotan eta burujabe.