Whatsapp, bizitza?

Erabiltzailearen aurpegia DavidLindemann 2022ko ots. 1a, 11:00

Bestalde, Whatsapp edo txertoari uko egitea ezin da konparatu. Euren produktuaren helmena ahalik eta gehien areagotzea da enpresa akziodunen asmo bakarra, hori bai, eta intsumisioa zigortu egiten da bi kasuetan, eguneroko jardueretara sarbidea murriztuz. Bi kasuetan, gaian aditua izan gabe, arriskuak eta desabantailak suma daitezke. Adituen arabera, aldiz, oso ezberdintzat jo behar dira bi intsumisio motak: Birologoen gehiengo handi batek txertoa gomendatu bitartean, Pfizer edo Modernaren soldatapean ez egonda ere, informatiko orok argituko dizkizu zeure bizitza munduko enpresa handienekin partekatzearen ondorioak, sektoreko enpresa handienen soldatapean ez badago, behintzat. Txertatzeko aginduaren aurrean zer egin erabakitzea zaila egiten zait horregatik, baina online kontuak non eduki nahi ditudan erabakitzea, eta non ez, erraza. Datuen subiranotasunaz eta pribatutasun digitalaz eztabaidatzen denaz jabetzen hasita, are errazago. Eta alternatiba hobeak badaudela jakinda, guztiz erraza, irabazi asmorik gabeko komunitateak kode irekian sortutako, pribatutasuna eta datuen burujabetza errespetatzen dituzten alternatibak, alegia. Twitter baino hobea da Mastodon, Facebook baino hobea Diaspora, eta Whatsapp baino hobea Signal. Pribatutasun eta funtzionalitate aldetik, Telegram ere hobea da Whatsapp baino, eta bitarteko soluzioa izan daiteke, Telegrameko jabearen enpresak burtsan kotizatu arte.

Burujabetza digitala aldarrikatzeari ez diot kontraindikaziorik ikusten. Hasteko: Whatsapp kentzea. Urrats txiki bat norberarentzat, pauso handi bat gizarterako. Futbol taldeek-eta whatsappa uzteko, masa kritika txikia baino ez gara izan behar. Apuntatzen?