Bizikalek udazkeneko azoka antolatu du urriaren 17rako [ikusi bideoa]

Erabiltzailearen aurpegia Bizikale Elkartea 2015ko urr. 9a, 13:33

Bizikale azoka

Aurten azokaren eguna urrira aurreratzea erabaki dute, eguraldi hobea izango delakoan. Egun osoko egitaraua antolatu dute. Familien arteko herri-kirol frogak eta mus txapelketa izango dira nobedadeak eta iluntzeko pintxo-dastaketa kalean egingo da. Pil-pileanen komunikazio zerbitzuak azokaren promoziorako bideoa egin du: 

Hemendik aurrera urrian
Bizikaleko Maite Letek adierazi digunez, hemendik aurrera urtean azoka bakarra egitea erabaki dute eta bera urrian egingo dute. Gaztañerretarako jartzen den karpa aprobetxatzea izan zen bere garaian azoka azaroaren hirugarren zapatuan egitearen arrazoia baina aurretik eginda ere berdin berdin aprobetxatzeko aukera dagoenez, urriko hirugarren zapatura aurreratzea erabaki dute.

Jolasak eta herri-kirolak
Gaztetxo eta familiendako eskaintza ludikoak pisu handia izango du aurtengo azoka egunean. Goizean eta arratsaldean jokatuko den bikotekako (guraso bat eta seme-alaba bat) herri-kirol ginkana moduko bat antolatu dute: lasto fardo jaurtiketa, zaku karrera eta kaskara-batzen egin beharko dute. Dagoeneko banatu dituzte izena emateko orriak eskolan. Bestalde, Kukumixok hainbat jolas antolatu ditu umeekin kontsumo lokalaren gaia lantzeko: "Erosi herrian" txapa-tailerra, herriko "denda berria", azoka promozionatzeko "fargoneta"... Zapatu goizean egingo dira hauek ere, Zubian.

Pintxo-dastaketa kalean
Iluntzeko 19:00etatik aurrera pintxo-dastaketa egingo dute. Hasierako edizioetan bezala pintxo dastaketa kalean jarritako postuen bitartez egingo da. Oraingoan dastaketa soila izango da eta ez da lehiaketa; "lehiaketa urteko beste garai batean egitea pentsatu dugu, patxada gehiagorekin eta antolaketa landuagoarekin".

Egitaraua

(Goizean)

11:30-13:30 Lasto-jasotzea Plaza zaharrean.

Umeendako jolasak Kukumixorekin Zubian.

10:00-14:00 Merkatarien azoka Zubian.

(Arratsaldean)

16:00etan Mus txapelketa Zubian.

18:00etan Zaku lasterketa eta kaskara-batzea.

19:00etan Pintxo-dastaketa kaleetan. 

Antolatzailea: Bizikale elkartea

Laguntzaileak: Soraluzeko Udala, Eusko Jaurlaritza, Dendartean eta Alkarrekin Soraluze.

Bizikale kartela