Mutrikuko, Soraluzeko, Mendaroko eta Elgoibarko bertso eskoletako ikasleak Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan batu dira gaur arratsaldean. Hirugarren topaketa izan da gaurkoa, eta gonbidatu berezi bat batu zaie taldera: Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, 1987). 17:30ean elkartu dira ikasleak eta irakasleak, eta mokadua egin ostean, inprobisazio ariketak egin dituzte. Aurrena, baina, eta ohi legez, agurrak kantatu dituzte, taldeka. Etxean lo egindako bertsoak izan dira agurrak, baina ondoren bat-batean ere aritu dira haurrak zein irakasleak. Eneko Beretxinaga bertsolari eta irakasleak egin ditu aurkezpen-lanak, eta gozatu dute denek hitzarekin jolasean. Beñat Gaztelumendiri puntuak ere jarri dizkiote haurrek, eta hark pentsatutako pertsonaia ezkutua asmatzen ere jolastu dira, galdera-erantzun bidez, kantuan.