Zapatuko Gaztañerre Azokaren aitzakian, eta, ikasturteari hasiera (berantiarra) eman nahian, BertSora bertso eskolak bertso poteoa antolatu du gaur, osteguna. 19:00etan abiatuko da Bolia tabernan eta ondorengo beste hiru taberna hauetan ere egingo dute geldialdia: Edurtza, Gaztelupe eta Arrano.
Oraingoan ere, ibilbide oparoa duten bi bertsolari jardungo dira kantari. Osteguneko pintxopoteari laguntzeko bikote ezin hobea: Mailen Akizu (Urretxu, 1996) eta Unai Mendizabal "Mendi" ( Zizurkil, 1992). Gipuzkoako Txapelketan finalerdietara sailkatu berri da Mendi. Maialen, berriz, atean geratu da.
Bertsolariek triki bikotea izango dute lagun: Mugi Panderoa erromeri talde eibartarreko Miren Gisasola eta Julen Bartolome.
Ostiralean, eskualdeko bertso eskolen topaketa
Ostiralean, Soraluze, Elgoibar, Mendaro eta Mutrikuko bertso eskoletako kideak ELgoibarren elkartuko dira. Jolasak, inprobisazio ariketak eta merienda egingo dituzte, Beñat Gaztelumendi bertsolari añorgarra lagun hartuta.
Zapatuan, azokaren bueltako saioak
Ohi bezela, Gaztañerre Azoka egunaren bueltan bertsolariak izango dira, aurten, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. Azokan kantatuko diete omendutako baserritarrei, 13:15ean, eta ondoren, baserritarrek Txurrukan egingo duten bazkarian ere kantatuko dute.
Aurrez, bertso eskolako ikasleek kantatuko dute, 12:45ean hasita, hainbat inprobisazio ariketa egingo dituzte.
Domekan, familia-plana Antzokian
Domekan, familientzako "Teilatupean" bertso ikuskizunaz gozatu ahal izango da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Herriko Antzokian. Sarrerak 3 euro balio dute eta liburutegian eskura daitezke edo egunean bertan lehiatilan. Emanaldia Udaleko Berdintasun batzordeak antolatu du.
Bada nahikoa aukera bertsoen bueltan gozatu eta topo egiteko.