Antolaketa taldeak egun osoko egitarau betea prestatu du lehen Señora Bertso Egunerako. Hala, egunari hasiera emateko, eguerdiko 12:00etan bertso poteoa egingo dute herriko tabernetan zehar sei bertsolari lagun hartuta: Izar Mendiguren, Uxue Alberdi, Nahia Sasco, Amaia Agirre, Jone Larrinaga eta Irati Majuelo. Poteoaren ostean, 15:00ak aldera, bertsolariak eta bertsozaleak bazkaritara batuko dira kiroldegiko frontoian, Bollotopaketen antolatzaileek prestatutako bazkaria dastatzera.
Bazkalostea goxatzeko, berriz, aurrez sortutako bertso sortak kantatuko dituzte momentua izango da ondorengo bertsolarien eskutik: Aissa Intxausti & Haizea Arana, Alazne Untxalo & Maddi Ane Txoperena eta Alaitz Sarasola.
Arratsaldean, 17:30ean, bertso saioa egingo dute kiroldegian lau bertsolarirekin: Sarai Robles, Eli Zaldua, Irantzu Idoate eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzaileak Ainhoa Larretxea eta Ainhoa Urien izango dira (goizeko bertso poteoan ere eurek jardungo dute).
Iluntzean, musika sartuko da bete-betean. 19:30ean Elektropottotte taldearekin ibiliko dira kalez kale eta 22:00etatik aurrera, Eire eta DJ Txillardegiren kontzertuak izango dira Gaztetxean.
'Señora' izaeraren aldarria
2021ean antolatu zuten lehen Señora Sariketa eta harrezkero sariketaren hiru edizio egin dituzte. Edizio bakoitzean, Pameladuna (irabazlea) aukeratu dute: Amaia Agirre (Lesaka, 2021), Ane Labaka (Leitza, 2022) eta Maider Arregi (Oñati, 2023).
Hiru urtetan sariketak antolatu eta gero, aurten, lehen aldiz, antolatzaileek erabaki dute ekimena egun bakarrera ekartzea bertsoa eta jaia uztartuz. Antolakuntza taldeko Larraitz Trojaolak azaldu duenez, helburuak berdintsuak dira: "Emakume bertsolariek elkarrekin kantatzeko aukera izatea eta hauek plazan duten presentzia aregotzea. Euskal Herriko toki ezberdinetako bertsolari zein bertsozale feministak elkartu nahi ditugu, elkarren arteko aliantzei jarraipena eman eta festa giroan gure artean gustora aritzeko espazioak sortu. Umorea tresna nagusi gisa erabiliz, 'señora' izaerari aldarri egingo diogu".
Aurreko edizioetan kanporaketa eta finalak hainbat herritan egin eta gero, aurten topaketa Soraluzen egitea erabaki dute: "Ahal dela herriak ez errepikatzen saiatzen gara. Señora Sariketarekin ez ginen Soraluzera ailegatu eta uste dugu herri egokia dela horrelako egun bat ospatzeko. Bide baetez, eskerrak eman nahi dizkiegu antolaketan laguntzen diharduten plazentziatarrei, ikaragarri lagundu eta lana erraztu diguten Soraluzeko 3 pertsona zoragarriei".