Jexux Mari Irazu eta Josune Aramendi bertsolariek jardungo dute baserrietako Santa Eskean

Erabiltzailearen aurpegia BertSora 2024ko ots. 1a, 10:48
Iazko taldea, Legarda baserriaren atarian. Argazkia: Arkaitz Arana.

Otsailaren 3an, San Blas Egunez, aterako da Santa Eskeko lagun taldea kantari herriko baserrietan zehar. Aurten, Jexux Mari Irazu eta Josune Aramendi bertsolariek jardungo dute kopla kantari, Eneko Beretxinaga herritarrarekin batera.

Baserrietara Santa eskean aterako diren 33. aldia izango da aurtengoa eta aurreko urteetan moduan, dagoeneko osatua dute hogei kide inguruko taldea. Tartean izango dira hiru bertsolari, baserri bakoitzean koplak inprobisatzeko ardura izango dutenak: Jexux Mari Irazu aranoarra, Josune Aramendi markinarra eta Eneko Beretxinaga plazentziatarra. Trikitia jotzen, berriz, Unai Larreategik jardungo du.

Goizean 8:30ean aterako dira Kontzejupetik eta arratsaldeko 20:00ak arte jardungo dute kantari.  

Baserrietara aurrez hitzordua lotuta

Azken egunotan, taldeko kideak kantari joan ohi diren baserrietako bizilagunekin harremanetan jarri dira, bertara joateko asmoa jakinarazi eta bizilagunek hala nahi izanez gero, hitzordua adosteko.