bertso eskolen topaketa

"Juan gara Mutrikura ta ixa urpian geratu da!"

Erabiltzailearen aurpegia bertSora

Elgoibar eta Mutrikuko Bertso Eskolekin batera, egun pasa egin dugu Mutrikun. Ane Labaka bertsolariaren bisita eduki dugu arratsaldean.

Egun ederra pasa dugu eskualdeko bertso eskoletako kideekin.

Goiz erdian iritsi gara eta herriko parke batean hamaiketakoa jan ostean hondartza ingurura gerturatu gara. Eguerdia iritsi arte piztina zaharrean freskatu gara, salto ederrak egin ditugu!

Herriko plazara joateko aldapa tentea igo ostean, jendez betetako terraza gurutzatu eta bazkaria jan dugu Erdiko Plazan. Postrean artisau izozki gozoak. Izozkia miazkatzen ari ginela etorri da Ane Labaka bertsolaria. Plazerra izan da bera ezagutzea. Kontatu digu Mutrikun behin baino gehiagotan egon izan dela bertso kantatzen. Gipuzkoako finalean abestu zuen, baita Txapelketa Nagusiko finalerdietan ere. Gaurkoan berarekin kantatzeko aukera eduki dugu.

Arratsalde erdian sekulako zaparrada bota du eta ondoko plazan urak gora eta gora egin du. "Mutrikun honaiño igotzen da mareia!"; ateraldi ederra egin du norbaitek!

Bertso saioa amaitu ahal izan dugu alkantarilak ura xurgatu duenean. Taldeko argazkia atera eta Ane agurtu ondoren, zarramarra batzuk erosi eta autobuseko bidea hartu dugu guk ere.

Beste bat arte!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.