Ikasturte honetan nabarmen egin du gora eskualdeko Bertso Eskolen kopuruak. Gaztetxoen taldeak sortu dira Soraluzen, Mendaron eta Mutrikun. Elgoibarren bi talde aurrez zeuden martxan. Batura eginda, 30 gaztetxotik gora dira bertsotan ari direnak. Gehienak Lehen Hezkuntzako ikasleak dira, eta Bigarren Hezkuntzakoak ere badaude.
Lehendabizikoz elkartu ziren Elgoibarren pasa den ostiralean, Debabarreneko Bertso Eskolen topaketan. Jolas dibertigarri batzuekin hasi zuten arratsaldea, eta meriendatu ondoren, bertsotan aritu ziren elkarrekin. Gehienek lehendabiziko ikasturtea dute Bertso Eskolan, eta, elkar ezagutu eta zaletasunaz elkarrekin gozatzeko asmoz elkartu ziren. Arratsaldean sortu zen giro atsegina ikusita, gehiagotan ere elkartzeko gogoa adierazi zuten.
"Gelatik Plazara" sariketa
Martxoaren 24an Elgoibarren egingo den "Gelatik Plazara" sariketarako beroketa bezala ere balio izan zuen topaketak. Gelan egiten dituzten ariketak jendaurrean egiteko aukera edukiko dute:
- puntu erantzuna, oina emanda.
- kopla osatu, bi oin eta gaia emanda.
- kopla osatu, ofiziotan, gaia emanda..
Soraluzeko Bertso Eskolako kideek ere parte hartuko dute, laster izango dugu beren berri..
Zorte on guztioi!