Baserrietara Santa eskean aterako diren 32. aldia izango da aurtengoa eta aurreko urteetan moduan, aurreikusten dute hainbat adinetako herritarrekin talde polita osatuko dutela. Tartean joango dira hiru bertsolari, baserri bakoitzean kantatu beharreko koplak inprobisatzeaz arduratuko direnak: Eneko Beretxinaga plazentziatarra, Iñigo Eizagirre itziartarra eta Onintza Enbeita muxikarra. Trikitia jotzen, berriz, Unai Larreategik jardungo du.
Goizean 8:30ean aterako dira Plaza Zaharretik eta arratsaldeko 20:00ak arte jardungo dute kantari. Bazkaldu bidean egingo dute eta ibilaldia amaitu ostean afalduko dute herriko elkarte gastronomiko batean.
Baserrietara aurrez hitzordua lotuta
Datozen egunetan, taldeko kideak kantari joan ohi diren baserrietako bizilagunekin harremanetan jarriko dira, bertara joateko asmoa jakinarazi eta bizilagunek nahi duten kasuan, hitzordua adosteko.
Bestalde, norbaitek taldearekin batera kantuan atera nahiko balu, nahikoa luke urtarrilaren 31a baino lehen taldeko kide batekin harremanetan jartzea.