Orain dela ez askora arte baserriko bizitzan oporrak naturak inposatzen zituen eguraldi txarraren bitartez. Tailer-lanetan igandeez gain, argindarra joanez gero ere opor egun gehiago izaten zuten. Opor gutxi eta, gainera, kanpo faktoreen menpe. Nahiz eta gaur egun zentzu horretan aurrera egin izana ezin ukatu, oreka osasuntsu batera iristeko asko gelditzen zaigunaren susmoa daukat.
Baina zer demontre, susmoa bakarrik ez. Oporren kontzeptua arlo guztietara zabaltzea behar beharrezkoa dugunaren ziurtasun osoa daukat. Adibidez, burua ideiekin bueltaka dugunean, gelditu eta distantzia hartu behar izaten dugu dena garbiago ulertzeko. Gure gorputzek ere oporrak behar dituzte ondo funtzionatzeko. Hala nola, gauero gure loa ezinbestekoa da. Jan ondorengo baraua ere oso garrantzitsua da elikagaiak aprobetxatzeko. Eta bizi urbanotatik naturarako ihesaldiak ere opor onenak omen dira gure sistema immuneentzat.
Eta bai, apustu egingo nuke lana eta oporren arteko balantza alde okerrera erorita dagoela. Nahiz eta gure beharrek ez duten egutegiez ulertzen, oporrak beti sasoi berean datoz. Eta horrela zailagoa da oporrak oreka pertsonalari erantzuteko bideratzea.
Momentuz, eta aldaketa drastikorik egin ezean, eguneroko inertziatik irten eta norbere buruarekin konektatzeko esfortzua egin beharko dugu. Horretarako, edozein momentu kontzienteki bizi eta gozatzera animatzen zaituztet, minutu batzuk besterik eskatzen ez duten eta norberaren esku dauden opor-pilulez disfrutatzera. Abenturazko nobeletan murgiltzera, umeen algarez kutsatzera, gustuko abestiekin dantzatzera, eguzkitan lasai asko ezer egin gabe esertzera, mendi aldera joatera edota jatordu bereziak egun arruntetan egitera. Betiere, eta hau da trukoa, burua egiten ari garen horretan mantenduta. Opor zein lanegun, horrela egiten asmatuko bagenu ez ginateke egutegitik egunak botatzen arituko. Opor zein lanegun, ondo pasatu dezagun!