Honen zergatiaren bila, Interneten irakurri dut herrialde hispano-hiztunetan ematen dela bi abizen izate hori. Baina ez pentsa genero berdintasuna oinarri zuen erabakia izan zenik: XVI. mendean Juan Lopez edota Jose Perez izena zuten pertsonen pilaketa masiboek eta hauek elkarrengandik bereizi ezinak bultzatuta, gizon elizkoi baten okurrentzia izan omen zen amarena ere gehitzea.
Lopez eta Perez abizenek Loperen eta Pedroren semea esan nahi zuten. Gainera, “-ez” bukaera horrek jatorria euskaran omen du. Abizenek lanbide, pertsonen ezaugarri edota senidetza adierazten dute mundu mailan. Abizen euskaldunak ordea, gehienetan toki edo eraikinei lotuak izaten dira: toponimikoak. Hala nola, baso motak dira asko, Elortza, Aritzaga edo Otaegi, esaterako. Eraikin izenak izan daitezkeen Etxeberria, Ormaetxea eta Zubizarreta ere oso arruntak dira.
Inguru hauetan askok ikasten dugu gure abizenen zerrenda ahalik eta luzeena, geure bertakotasunaren zigilu delakoan edo, auskalo. Zerrenda luze bat ordea ez litzateke nahikoa izango Portugalen egiten den moduan amaren abizena jarriko bagenu lehenengo. Aldaketa txiki horrekin gure lehen abizena azkena izatera pasako litzateke, eta zerrenda oso osoa hankaz gora ordenatu beharko genuke abizenik garrantzitsuena ezagutzeko. Detailea ez dut hain aldrebesa ikusten, kontuan hartuta amarengandik jaio ginela, seguru. Aita berriz... Batek daki!
Hori guztia ikusita, abizenen adierazgarritasuna nahiko airean gelditzen dela iruditzen zait. Gainera, eta behin garrantzia ematen hasita, abizenak gaurkotu beharko genituzkeela ere iruditzen zaidan arren, ez dakit oso ondo hartuko genituzkeen Plastikene, Etxeorratz, Industrialde, Zaborrondo, Pinudi eta orain oso modan egongo litzatekeen Eukaliptadi abizenak.
Hori horrela, agian hobe bere horretan uztea, eta bakoitzak aukera ditzala bereak.