Amalurrak eguzkiari bira osoa ematen dion denborari deritzogu urtea; bitarte horretan eguzkiarekiko gertutasunak markatuko dizkigu urtaroak. Urtero errepikatuz; zikloak betez. Ilargiak bere 13 zikloak beteko ditu bitarte horretan, munduaren bueltan. Ziklorik garbiena, ordea, egunek eta gauek emango digute. Ezin ukatu ziklo horien menpe bizi garenik.
Alabaina, sasoi batean naturak markatutako ziklo horiei gehiago erreparatzen genielako ustea dut. Marrubiak udaberrian jaten ziren, tomateak, udan. Orain, nahi izanez gero, Gabonetako afarian ere jan ditzakegu. Ilargiari erreparatzen genion ilea mozteko, egurra lantzeko edo sagardoa egiteko. Naturaren parte izango ez bagina bezala, naturaren zaintzaile bakar izendatzen garen garaiotan naturatik gero eta urrunago bizi gara. Hau da hau marka!
Koronabirusa delako hori ere etorri zaigu bisitan; orain ziklo naturalei kasu gutxiago egiten diegu. Hain azkar bizi gara ezen ez dugu astirik horretarako, ez eta gure benetako izatearekin bat egiteko ere. Eta zerbaitek nire barruan esaten dit bizilagun berri honen agerraldiak baduela zerikusia kontraesan horrekin.
Gizarteak ere ba omen ditu zikloak. Ikasi ditugu aurreko mendeetako krisiak. 100 urtero izaten ei da pandemiaren bat, adibidez. Eta neure buruari galdetzen diot: gure belaunaldiaren udako ekaitza ote da ba bizi dugun krisi-garai hau? Ala udazkenetik negura goaz? Egoera honek emango dio buelta noizbait, ziklo guztiak lez. Baina egin dezagun zerbait bitartean. Benetako udazkenean eroritako hostoen modura, hosto hauek ondoren datozenen ongarri diren modura...
Naturaren baitan gaudela onartu, eta ea asmatzen dugun negu honetatik udaberri bizi batean esnatzen, erosotasuna eta indiferentziak lortu baitute gu denak lokartzea. Ez dezagun ahaztu nondik gatozen.