Loratzen

Erabiltzailearen aurpegia Arianne Unamuno

Santa Eskeko makila kolpeek lurrari esnatzeko eskatzerako loratuta zeuden mimosen lore hori deigarriak, sahatsen gusanito erako lore horixka arrak eta berde emeak, baita elorrien lore zuri txikiak ere; handik gutxira okaranen lore usaintsu zuriak eta arrosak, eta irasagar edo menbrillo-sagarren lore handi eta zuriak.

Disimuluan hasten diren urritzen, elauntzen eta lizarren loreak ere laster batean agertu ziren eta udaberriari ofizialki hasiera ematerako, zuri-zuri, usaintsu eta erlez beterik zeuden gereziondoak. Egunetik egunera, orban berdexkak agertzen; haritzak, urkiak, madariondoak, urritzak... berdetzen, bakoitzak bere kolorea emanez paisaiari. Gure aurrean gertatzen ari da, egunero-egunero; bizitzaren urteroko ikus-entzun-usainkizuna, sentikizuna, bioaniztasuna handitu ahala ederragoa dena.

Berdin hizkuntzarekin ere: gutako bakoitzaren hizkuntzek, hizkerek, ahaleginek paisaia sonoro ederra osatzen dute egunero. Korrika euskaltzaleen loraldia eragiten ari da bazterrik bazter, hunkidurarik sakoneneko sentikizuna, aniztasunak ederragotzen duena.

Den-denon neurrira eginak bi-biak. Gozatu eta ondo zaintzekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.