KULTURALDIA

Baltsamoa, hilabeteotako ilunaldia sendatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Arianne Unamuno 2020ko eka. 30a, 16:36

Uda hasierako larunbat arratsalde epel eta lasaia. Inork ez zeukan presarik. Ilara osatzerako, atea zabaldu eta barrura sartu ginen. Askorentzat (denontzat ez bazen), aspaldiko hilabeteotako lehenengo zuzeneko kontzertua izango zen, eta poza igartzen zen jendearen begietan. Argazkiak: Fernan Oregi. 

Semaforo berde eta gorria aurkitu genuen aulkietan: hemen bai, hurrengoan ez, hemen bai, hurrengoan ez… Gogotsu geunden. Agertu zen Ruper eszenatokira; gitarra jantzi eta lehenengo berbetan eskerrak eman zituen: joan ginenoi, antolatu zutenei. Lehen kontzertua zen Ruperrentzat ere, hala kontatu zuen, hilabete batzuetan taula gainera igotzeko aukerarik gabe egon zelako, eta bakarrik etorri zen. Banda imajinatzeko eskatu zigun, baina ez genuen beharrik izan. Bere gitarrak eta ahotsak behar genuen guztia eman ziguten. Baltsamoa, hilabeteotako ilunaldia sendatzeko.

Inork ere ez du (dena ohitura, dena errua, dena barkamena) oroimenaren korapiloa deslotzen. Guk koblakaria behar genuen... Berri txarren katetik gentozen, arazoaren erdian egonak, arnasa noiz hartu zain. Zorionez, Ruperrek kantu leunak nahi zituen jarri; eguzkia eman ainubian denari. Kantatu zigun, “zaindu maite duzun hori”. Gure begiek ez zuten malko isuritzeko gogorik, denik eta bizitza bakarra bizi dutelako. “Ez dezadan gehiago entzun, begiratu, ez pentsatu…” gozatu bakarrik egin nahi genuen. Suak ixotu ilunbean, ura bezalako hitz gardenak esan zizkigun; babes bila genbiltzan, eta atea ireki zigun. Eta eroan gintuen kanpora, beste norabait: esan zigun zerutik gertu gaizki egoten dela, ez zuela zerutik gertu egon nahi. Eta etzan gintuen lurrean, belardi zabal eta freskoan, lurraren taupadak, amodioak eta miseriak entzunez, sagarrondoen loreen zain, labexomorroen muxu goxoa jasoz, goruntz begira lainoak pasatzen diren lekuan. Eta hantxe egon ginen, erdi lo, gau ederraren babesean; erdi ero, gau giroaren magalean. Eta egongo ginen oraindik ere mila gau eta beste bat gehiago, gorrotoak uxatuta; beste hainbeste eta mila gehiago, beldur denak ahaztuta.

Elkarrekin ginen; Ruperren kontzertu ona ez dugu berehalakoan ahaztuko, hilabeteotako gaitzak lehenago. Adio esan genion atzoko amets gaiztoari, bide estuena ere aurrera doalako. Gorriz tindatu dugu data berri hau – gure patroi handia –, Done Ezer Ezdaezinezko.

Eskerrik asko ukenduarengatik, Ruper.