Haizea eta Xabier izebari eskutik helduta zihoazen, edozein barandautara igo eta oreka probatzeko prest. Izebak esan zien alai: "Begira! Norbait dago han aurrean uso eta kaioei jaten ematen. Gerturatu nahi duzue?". Xabiertxo korrika abiatu zen. Haizeak poza sentitu zuen eta, gero, galdera batek hazkura eragin zion belarri ondoan: "Izeba, zergatik izaten dira gehienetan emakumeak animaliak, pertsonak eta gauzak zaintzen dituztenak?". Izebari harridura eragin zion galderak eta ondoren poza, zaintzaz hitz egiteko aukera zuelako. Honela kontatu zion: "Bazen noizbait, duela urte asko, giza talde handi bat, elkar zainduz bizi zena. Behin, hainbat gizonek erabaki zuten beren bizimodua egin nahi zutela inor zaindu gabe, eta emakumeak behartu zituzten beraiei zegokien ardura har zezaten. Hala, gero eta gizonezko gehiagok hartu zuen bide hori eta, mendeak joan, mendeak etorri, belaunaldiz belaunaldi, emakumeei erakutsi zaie besteak eta gauzak zela zaindu, eta ardura hori hartu behar dutela ere bai."
Haizeak pentsakor jarraitu zuen eta izebaren kontakizuna eten zuen beste galdera bat sortu zitzaion: "Mutilek orduan ez dute zaintzeko eskubiderik?". Haizeak bazekien zaindua izatea zein atsegina den, baita bere katua eta txakurra zaintzeko irrikiz esnatzen zela ere; pentsatze hutsarekin kili-kiliak sortzen baizitzaizkion. Mixirik gru-gru egiten zion laztanak egitean; paseatzera eramatean, salto egiten zion gainera aurpegia miaztuz; begirada dizdiratsua eskaintzen zioten jaten ematen zienean; eta lotarako lekua atontzen zionean, Mixi atseginez kiribiltzen zen. Tristura sentitu zuen bere anaiarengatik, eta baita Mikel eta Unaxengatik ere. Ez ote zuten merezi berak sentitzen zuena sentitzea? "Noski baietz! Pixkanaka, emakume askoren nahimen eta indarrarengatik, eta gizonezko batzuen gogoarengatik, hasi gara zaintza partekatzen. Oso pixkanaka... baina neguari gailenduko zaio udaberria, Haizea".