Sosiguz!

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ugalde 2024ko mar. 28a, 11:54

Otsaileko azken egunetan, Pil-pileanetik hurrengo alerako iritzi artikulua prestatzea tokatzen zitzaidala gogorarazteko emaila heldu zitzaidanean, ezustean harrapatu ninduen. Zelan, ya? Honezkero urte bat pasau da azkenengoz idatzi nebanetik?

Horrek eraginda, denboraren inguruan hausnartzen nabil egun hauetan. Egunak, asteak, hilabeteak eta urteak zergatik doazen hain azkar, arrapaladan. Esango nuke, gainera, sentsazio hori orokorra dela gure gizartean. Orain, jada martxoan gaudela, ez al zaizue iruditzen duela ezer turroi eta mazapanak genituela mahai gainean?

Argi dagoena, egunak 24 ordu irauten dituela da, eta ordu bakoitzak berriz, 60 minutu irauten dituela beti. Berdin dio abuztua ala martxoa izan, edo norberak 20 urte ala 60 urte izan. Beraz, denbora azkar doan sentsazio hori, pertzepzio hutsa da. Beste era batera esanda, eta teoria fisiko-kuantikotan sartu gabe, denbora faktore neutro bat izanik, guk berarekiko dugun hautematea edo pertzepzioa da kontu honetan gakoa.

PATXADA, LASAITASUNA ETA BARETASUN SENTSAZIOAK ERE HARTZEN DITU BERE BAITAN

Baina, zerk garamatza azkartasun hori sentitzera? Batzuetan, nire burua aireportuan azkarrago aurreratzea ahalbidetzen duten eskailera mekaniko itxurako plataforma horietako batean irudikatzen dut. Oinez noa, baina gorputzak ahalbidetzen didana baino azkarrago egiten dut aurrera. Hori oso ondo dago hurrengo hegaldia hartzeko presaka baldin banoa. Baina ez badaukat presarik, zergatik noa plataforma horretan? Kondenatuta al nago beti presaka ibiltzera?

Gogoan dut umetan katekesira joaten ginenean, irteeran apaizaren etxeko eskailerak dranbalada demasean jaisten genituenean, katekistek nola oihu egiten ziguten: trankil joan, jausteke! Sosiguz jaitsi eskailerak! Sosiguz, gero eta gehiago gustatzen zaidan hitza da. Oso egokia eta konpletoa dela iruditzen zait, ez baitio abiada eta denborari soilik erreferentzia egiten; patxada, lasaitasuna eta baretasun sentsazioak hartzen ditu bere baitan. Denboraz gain, horrekiko dugun jarrera ere aintzat hartzen du!

Sosiguz bizitzen ahaleginduko naiz, beraz. Gaurko bizitzako plataforma mekaniko horretan aurrera joan beharra izango dut, baina nire jarrera patxada handiagoz eta presa gutxiagoz osatuko da.