Lan merkatuko lorezainak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ugalde 2023ko mar. 8a, 12:48

Batetik, talentu falta nabari da, gehienbat big data eta IT moduko profil teknologikoetan eta baita zuzendaritza eta ardurako postuetan ere. Baina txanpon horren bestaldean ikusten dugu gradu eta ziklo teknikoetan apenas dagoela ikasle neskarik, eta emakume askok oraindik kristalezko sabaiak aurkitzen dituztela beraien ibilbide profesionaletan.

Bestetik, jubilatuen pentsioak ordaintzeko gero eta diruzaintza arazo handiagoa dago. Afiliazio gehiago behar ditu gizarte segurantzak, baina hara hor, non dauden langile autonomoak. Kostu eta oztopo administratiboei aurre ezin eginik, negozioa utzi eta hilabetez hilabete beraien kopurua jaisten ari dela ikus dezakegu.

Ekintzailetza beste paradoxa bat da. Erakunde publikoetatik asko goraipatzen den aukera da, baina negozio ideia berria duen pertsona errealitatean sartzen denean, izugarrizko odisea bizi behar izaten du. Bere ideiarekiko tinkotasuna eta pertseberantzia behin eta berriz kolokan jartzen dioten oztopoak gainditu behar ditu uneoro.

Nahiz eta kontraesan hauek identifikatu, badakit egoera ez dela erraza eta hori guztia ezin dela urte batetik bestera irauli. Baina nire kezka ez dator egoera hori epe motzean zuzendu ezingo dugulako. Kezkatzen nauena da, testuinguru horren aurrean, gure indar eta ahaleginak ez daudela norabide zuzenera bideratuta.

Askotan iruditzen zait, oinarrizko gakoak konpondu gabe alarma mezuak zabaltzeko joera dugula. “Talentu falta dago!” “Gure jubilazioak ordaintzeko adina dirurik ez dago!” Ados, errealitatea hori dela ukatzen ez naiz hasiko. Baina nire lorategian loreak jartzea nahi badut, lurra txukun jarri, ongarria bota eta egunero ureztatu beharko dut. Albokoari “Loreak behar ditut!” oihukatuz, baina erremediorik jartzen ez badut, belar txarrak ongarritzea besterik ez dut lortuko.

Jarri dezagun bada arreta lortu nahi dugun epe luzerako emaitzetan eta tinko egin dezagun lan oinarrizko gakoetan, kexa eta alarmei muzin eginez. Oraindik oztopo administratibo eta kristalezko sabai larregi ditugu eta gure lorategian!