Palankak

Erabiltzailearen aurpegia

Laneko proiektu batek eraman nau azkenaldian inplikazioaren inguruan hausnartzera. Hainbat azterketek erakutsi dute, enpresa bateko langileen inplikazioa berauen ongizatearen mailarekiko proportzionala dela. Hau da, langilea gustura eta ongi sentitzen bada lanean, bere jardunarekiko inplikazioa altuagoa izango dela.

Lan arlotik irtenda, herrira begira jarri eta galderak datozkit burura. Herritar moduan, zer nolako inplikazioa daukagu guk Soraluzerekiko? Ba al daukagu herriari "eman" egin behar diogunaren kontzientziarik?

Niretzat, pertsonalki, herriarekin inplikatuta egoteak herria eraikitzea esan nahi du. Herriagatik lana egitea, komunitatean parte hartzea. Niretzat Soraluzerekin inplikatuta egoteak esan nahi du, besteak beste, aratusteetan eskolatik haur eta gazteak herrira ez direla jaitsiko entzutean, “hemen zerbait aldatu behar dugu” bultzada sentitzea. Edota, herriko merkatariak erretiroa hartzen doazela ikustean eta utziko dituzten negozioek jarraipenerako inor interesaturik ez dutela jakitean, “hau geldiarazteko herrian oraindik eta gehiago kontsumitu behar dut” erabakitzea. Guraso elkarteko kide izatea tokatzen zaigunean, “marroi” bat izan beharrean, aukeratzat hartzea. Eskolaz kanpoko talde edo erakunde bateko bilera orokorrerako deialdia heltzen zaigunean, “ea ba tartea hartu ahal dudan bertara joateko” gogoa sentitzea.

Herritarren inertzia horiek pizteko palankak diseinatu eta martxan jarri behar dira. Egoera ondo aztertu ondoren, pertsona talde jakinengan planteamendu konkretu batzuk aktibatuta, izugarrizko efektua lortu ahal da herrian. Hori da palanken bertutea: puntu zehatz batean indar txiki bat aplikatuta, emaitza ikusgarriak lortu ahal direla. Palanken aktibazio hori udal gobernuaren ardura dela iruditzen zait. Baina palanka horien indarra gurea da, herritarrona. Gure energiak mugituko du palanka hori, gurea da bultzada horri erantzuteko eta mantentzeko giltza. Inor ez da ezer ematera etorriko herri honetara. Emandakoak gainera ibilbide motza dauka. Eraikitakoak ordea izugarrizko satisfazioa ematen du. Inplikatu gaitezen, beraz, Soraluze eraikitzen.