Txurrukenekoa naiz, betidanik izan naiz, eta nire haurtzaroko momentu on asko bizi izan ditut bertan.
Lehenengo oroitzapenek errekara eraman ninduten. Han ibiltzen ginen paitxeri jaten ematen edota harriak botatzen, ura jo eta botea egin zezaten, salto egingo balute bezala. Aspertzen ginenean, Kelenek loreak zituen ingurutik gora igo eta berriz ere Txurrukenera joaten ginen. Auzoa bizirik zegoen eta libre ibiltzen ginen; orain konturatzen naiz auzoak nolako babesa eskaintzen zigun.
Oraindik gogoan ditut auzoko andrek egiten zituzten barreak numero kuatruan kartetan aritzen zirenean. Hantxe esertzen ziren Ascen, Teresa eta kuadrilla, kanpineko mahai baten inguruan, etxetik jaitsitako eserlekuekin.
Eta ezin ahaztu bertako puntu neuralgikoa, Araceliren denda, “Korea”. Gogoratzen dut sartu eta ate ostean zegoen botileroa, koka kola, kas eta gaseosa botilekin. Erositako botila hustu ostean, berau bueltatu behar zenuen. Tamalez hain galduta dugun gestio baten oroitzapena: kaskoen berrerabilera.
Parkean pasatako arratsalde hark, hausnarketa nostalgiko bat eragin zidan. Atzera begiratu eta konturatzen naiz herria eta auzoak aldatu egin direla, baita pertsonak eta harremantzeko moduak ere. Baina umea ume zen lehen eta baita orain ere, bere inguruarekiko interakzio etengabean dagoen indibiduoa, dena jasotzen eta ereduak imitatzen ari dena. Horren garrantziaz jabetuta, ez da makala helduok aurretik dugun ardura. Atera dezagun bada Plazentzia azken urteetan sufritzen ari den gainbehera honetatik eta eman diezaiegun gure txikiei beraien haurtzaroa eraikitzeko testuinguru egoki bat, auzo atsegin bat, herri bizi eta kohesionatu bat. Nagusitzen direnean beraien haurtzaroaz gogoratu eta niri orain ateratzen zaidan moduko irribarre txikia izan dezaten aurpegian.