Ama

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ugalde 2020ko mai. 6a, 10:21

Eguneroko errutina aldatzen zaigu, ordutegiak eta ohiturak. Gorputza aldatzen zaigu, azala, ilea. Elkarrizketak eta solaskideak aldatzen dira... Baina aldaketa harrigarriena gure gaitasunek izaten dute. Aldaketa baino, badirudi ama izan aurretik geneuzkan 5 zentzumenei beste dozena bat gehitzen zaizkiela. 

Nola da posible bestela, ama izan aurretik lo seko egitetik, orain gure haurrak zarata edo mugimendu txikiena egin orduko begi bat irekitzea?

Nola da posible lehen poltsoarekin soilik jada kargatuta gindoazela pentsatzea, eta orain poltso horrez gain, umearen karroa, karroko poltsa, patinetea, kalean zaudela momentua aprobetxatu eta egin dituzun erosketetako poltsa eta aterkia ere soinean eraman ahal izatea?

Lehen bi eskuak behar genituen edozertarako. Orain aldiz, batekin malabarak egin ditzakegu bestearekin umea besotan dugun bitartean. Bularra ematean, adibidez, beste gauza asko egiteko aprobetxatzen dugu: hortzak garbitzeko, orrazteko, bazkaltzeko edo ordenagailuan iritzi artikulu bat idazteko, adibidez.

Eta zer esanik ez konbertsazio intermitenteez! Lagunarekin astea nola joan den kontatzeko ez daukagu zertan lasai, parez pare elkarrekin berriketan egon beharrik. Plaza edo parke berean egotearekin nahikoa dugu. Esaldi bakoitza moztu egin beharko dugu, gure txikiari txirristatik jaisten laguntzeko, edo harriak ahora eraman ez ditzan… Baina ez pentsa, ez dugu haririk galduko! "Ba, esaten ari nintzaizuna…. harrituta geratu nintzen ikusi nuenean…" Kontuz! Hori ez zapaldu maittia! "Ba hori, zeharo harritu nintzen…" Ene, badoa berriz ere askara… Ez, ez!!

Heroiak gaitasun edo ahalmen berezi bat duten izaki edo pertsonaiak izaten dira. Eta gaitasun horrek berezi eta bakar egiten ditu. Lerro hauek irakurriz, ordea, amaren bat identifikatuta sentitu bada, bakarra ez naizen seinale, eta beraz, heroitik gutxi nik. Edo agian, ama garenok eguneroko bizitzako heroi txikiak garen seinale izango da. Zergatik ez? Bejondeigula!