Txurrukeneko ume eta gazteek auzoa genuen jolastoki, parkean hasi eta Irukurutzetako errebueltarainokojolastokia eta, urte sasoiaren arabera, bertan ematen genuen eguna. Ibaiak, ibaiko haitzek eta Salonazpi edo Saloneko soroek osatzen zuten Txurrukenekoen “eragin eremua”, Irukurutzetako “hondartza”, futbol zelaia eta “bigarren egoitza”-tzat genituen Itzio inguruetan eraikitako txabolak barne.
Lur-sail horien defentsa sutsua egiten genuen herriko beste auzokoen edo kalekoen aurrean, izan Gabolatsekoak, Iturburukoak, Rabalekoak…. eta lehiarako aukera denak aprobetxatzen genituen. Esate baterako, ikusgarriak izaten ziren egindako San Juan suak. Gu hilabete lehenago hasten ginen etxerik etxe traste zaharren eskean, eta harrapatutako zabor denak biltzen genituen meta handi bat osatu arte, guztiak elkarrekin, ume eta gazte, neska eta mutil. Ordu gehien irauten zuen sua zen irabazten zuena; ia beti Txurrukenekoa.
Eta jaiak, zer esanik ez! Herri osoa etortzen zen Txurrukeneko jaietara. Jaietako batzordea osatu eta, hark zuzenduta, jai ezin hobeak antolatzen ziren irailaren 9an eta ondoko egunetan, denon artean, auzolanean. Alkatea ere aukeratu genuen Txurrukenen, auzoko lanak koordinatzen eta dinamizatzen zituelako.
Bizipen horiek guztiek auzoaren izaeraren atal garrantzitsua osatzen dute, oinarri-oinarrian uztartzen direnak. Nire kasuan, familiaren aldetik egokitzen zaidan horretan, “txurruken” naiz , eta Txurrukenekua naiz.