Ikuspegi batetik edo bestetik begiratu, definizioa ezberdina izango da. Orokorrean, meditatzea da barrura begira jartzea, alde batera uztea pentsamendua eta murgiltzea barnetasunean, gelditzea kontenplazioan, eta, beraz, prozesuak suposatzen du mantsotzea, moteltzea. Zaila du meditazioari lekua egitea, akzioari, azkar aritzeari, bizkortasunari lehentasuna ematen dion gizarteak, ez baitago astirik halako txatxukerietan aritzeko. Are gehiago, erlijioaren hatzamarretatik ihes egin nahian dabilenarentzat mehatxu kutsua du.
Gizarte hau, gizakiok konplize gaituela, diseinatuta dago gero eta azkarrago joateko eta gogo horretan jarduten dugu sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe. Zeozer gaizki badabil, behar dugu erantzun azkarra, eta horretarakoxe garatu dugu osasun-sistema erraldoi bat hazten eta hazten doana eskaintza osatuena eskaini arte.
Gizarte honetan jendea medikatuta bizi da, hau da, ondoez txikienaren aurrean, botikaren bat hartzen dugu. Ez dugu aukerarik denbora galtzeko. Horrela bizi izaten dugu ondoezak ekartzen digun mezua.
Nahi eta nahi ez, bizitzan zehar aurkituko ditugun sentzazioak ez dira beti gozagarriak izango, gainera bizitza osatua edo betea ez da lortzen beti sentzazio gozagarriak izanda, baizik eta aurkeztuko zaizkigun hainbat arazoei ongi etorria eta erantzun egokia emanez. Horrek eroaten gaitu garenari eta ez daukagunari begiratzera.Horretara dator zutabe labur honi izena ematen dion titulua: meditazioan aritzeak, polikitasunari lehentasuna emateak lagunduko digu medikazioa gutxitzen.
Gustukoena ez bada ere datorrena onartu eta entzun ondoren, ahal bezain ondo erantzun. Horretxek ematen du kalitate handiagoko bizitza garatzeko aukera.
Zein garrantzitsua litzatekeen meditazioa eskoletan irakastea, gaztetatik erakusteko bizitza gozagarriak garatzen, urjentziazkoen ordez.