Berria egunkariak jakinarazi duenez, orka talde batek eraso egin zion astelehen eguerdian hamar metroko luzera duen belaontzi bati; Euskal kostaldean oso ohikoa ez den ezbeharra Debako kostaldetik bi itsas miliatara gertatu zen. Itsas Salbamendu Zerbitzuek bertan zihoazen bi pertsona erreskatatu zituzten. Ontziak ez zuen zulorik, baina lema hautsia zuen.
Zehaztu dutenez, istripua 14:00ak aldera izan zen eta Frantziako bandera duen Azurea belaontziko kideek egin zioten larrialdi-deia Itsas Salbamenduari. Bi pertsona zeuden momentu horretan ontzian —horietako bat 60 urtekoa, bestearen adina ez dute zehaztu— eta Salvamar Orion ontziak biak onik eraman zituen Getariako portura.
Belaontzia atoian eraman zuten porturaino, eta 17:30ak pasatxo iritsi ziren bertara. Gaineratu dutenez, erreskate-operazioan Gurutze Gorriaren Arriluce II ontziak ere parte hartu zuen.
Goian, 'Azurea' belaontzia eta, behean, belaontziaren lema. Argazkia: @trumoibi