Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolak Marea gora hitzaldi sorta dakar hirugarrenez Debara. Gaur (ekainak 18) aurkeztu dute egitasmoaren programazioa, Kultur Elkartean egindako agerraldian. Arduradunek jakinarazi dutenez, ibilbide pertsonal eta profesional ezberdineko gonbidatuak izango dira aurtengo solasaldietako protagonistak eta askotariko gaiak izango dituzte hizpide. Ekimenak Kultur Elkartearen eta Debako Udalaren babesa ere badauka.
Hona hemen aurtengo hitzaldi sortari buruzko informazioa:
Egitaraua:
-
Uztailak 2: "Haurra izatea gaur egun munduan"
Hizlaria:
Pilar Kaltzada Save the Children erakundeko lehendakaria, kazetaria, idazlea eta komunikazio estrategikoan aditua.
Hitzaldi honetan hausnarketarako tartea eskainiko du Kaltzadak, besteak beste, "desberdintasunak, gatazkek eta klima aldaketak markatutako gaur egungo munduan haur izatea zer den" azalduz. -
Uztailak 9: "Debako Arte Eskola. Sorkuntza, eztanda eta Haur Adierazpen Tailerra"
Hizlariak:
Jose Mari Larramendi Parisko Unibertsitatean Filosofian, Soziologian eta Antropologian hezitako soziologoa. Hainbat hamarkadatan askotariko proiektu sozial, kooperatibo eta kulturalak gidatu ditu. Debako Arte Eskolako zuzendaria izan zen, baita Eroski taldeko zuzendaritzako kide ere ia hogeita hamar urtez.
Mikel Mendizabal hezitzailea eta kultur dinamizatzailea. Debako Arte Eskolan eta Haur Adierazpen Tailerraren sorreran aritu zen lanean, Larramendirekin batera.
Hizlarien testigantzak oinarri hartuta, solasaldian Debako Arte Eskolaren historiaz eta espazio horrek izandako eraginaz ariko dira. Horrez gain, Deban 1970ean egin zen Haur Adierazpeneko Tailerrean bizitako esperientziak partekatuko dituzte. -
Uztailak 16: "Zenbat arrain daude itsasoan? Ekosistema mesopelagikoa, argi pixka bat itzalen gainean"
(Gaztelaniaz)
Hizlaria:
Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoa eta ozeanografoa. Hainbat ikerketa proiektutan aritu izan da lanean mundu osoan zehar.
Itsaspeko munduaren funtzionamendua azaltzeaz gain, itsasoa zaintzeak daukan garrantziaz eta gizarteak zeregin horretan duen arduraz eta erantzukizunaz hitz egingo du solasaldian. -
Uztailak 23: "Gizartearen psikiatrizazioa eta etorkizuna"
(Gaztelaniaz)
Hizlaria:
Imanol Querejeta Donostia Unibertsitate Ospitaleko psikiatria zerbitzuko langile ohia, EHUko irakasle elkartua eta kolaboratzailea hainbat komunikabidetan.
Hitzaldi honetan bizitzako erronka emozionalei buruz ariko da aditua eta, bide batez, buruko osasuna zaintzeko hainbat gomendio emango ditu.