Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak debabarrendarrendako antolatutako jardueretarako izen-ematea zabalik

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 12a, 12:41

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak debabarrendarrei zuzendutako hiru jarduera antolatu ditu Eibarren, otsailean hasi eta ekainera bitartean: dolu-taldea, arnasketa tailerra eta Nola hitz egin minbiziaz adingabeekin hitzaldia. Doako jarduerak dira eta izen-emateak zabalik daude.

Psikoterapiako dolu-taldeari dagokionez, senideei zuzendutakoa izango da eta otsailaren 20an hasi eta ekainaren 19ra arte elkartuko dira Ardantza kalean, 12:00etatik 13:30era. Taldearen bitartez, espazio bat eskainiko diete senideei, emozioak konpartitzeko eta beldurrak eta pozak partekatzeko. Talde hori gidari izango da prozesu luze eta konplexu batean, hurbileko norbait galtzeagatiko min-prozesuan, eraginkortasunez ibiltzeko. Izena emateko: https://www.contraelcancer.es/eu/talleres/psikoterapiako-dolu-tailerra-eibar.

Erlaxazio tailerra eta hitzaldia

Arnasketa tailerrari dagokionez, berriz, paziente onkologikoei zuzendutako arnasketa tailerra izango da, Lorena Carnevali adituaren eskutik. Otsailaren 26tik maiatzaren 14ra bitartean egingo da, 11:00etatik 12:00ak bitartean. Programak 10 saio ditu (astean behin), eta horietako bakoitzean erlaxazio gidatuak eta arnasketa kontzienteak Landuko dituzte. Izena emateko: https://www.contraelcancer.es/eu/talleres/arnasketa-tailerra-eibar

Adingabeei zuzendutako hitzaldiari dagokionez, berriz, “adingabearen adinaren eta gaitasunaren arabera berri txarrak jakinarazteko jarraibide errazak emango” dituzte. Apirilaren 3an izango da hitzaldia, 18:00etatik 19:30era bitartean. Izena emateko: https://www.contraelcancer.es/eu/talleres/nola-hitz-egin-haur-eta-nerabeekin-minbiziaz-eibar

Jarduera guztiak doakoak dira, eta ez da beharrezkoa elkarteko bazkidea izatea horietan parte hartu ahal izateko. Izena emateko, bana-banako inskripzioez aparte, 943 45 77 22 telefonora deitu edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat bidal daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.