'Ganbarako doinuak' abesti-albuma eskuragai

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 5a, 16:22

Joan den asteaz geroztik, herriz herri dabil Aitor Huergo kantautorea Debabarrenean. Landu eta auto-ekoitzi berri duen Ganbarako doinuak abesti-bilduma zabaldu eta ezagutzera emateko asmoarekin, Soraluzen ere izan zen Itziarko bizilaguna. Otsailaren 7an, berriz, Itziarko Burugorri Aretoan zuzeneko emanaldia eskainiko dute. Bideoan, Pausatu zait kantua interpretatzen, Naiz irratian.

Itziarren bizi den bizkaitarra da Aitor Huergo kantautorea. Bakarlari moduan hasi eta orain, seikote musikaria lagun, abesti-bilduma berria argitaratu dute: Ganbarako doinuak. Asteoetan, Huergok Debabarrenean dihardu herriz herri lan horren zabalkundea egiten. Helarazitako xehetasunen arabera, folk edo kantautore estiloko kantak lantzen ditzute eta sortutako musika auto-ekoitzita grabatu dute.

Huergok berak esplikatu duenez, bakarka grabatutako aurreko lanarekin alderatuz, bestelako soinuz inguratu ditu bere hitzak eta doinuak eta halaxe taularatuko ditu zuzenekoan. Horretarako Ianire Materen biolontxeloaren bibrazioek, Aitor Erkiziaren klarinetearen feelinga, Irati Majoralen flautaren goxotasuna, Adrian Larrañagaren oinarria perkusioarekin eta Josu Salegiren trebezia saxoarekin izango ditu lagun.

Kantuetan ikuspuntu pertsonaletik gai unibertsalei buruzko hausnarketa eta galderak partekatzen ditu abeslariak, bizipenetetatik abiatuta. Hala, Aitor Huergoren melodiek auzoa, sustraiak, heriotza eta agurra bezalako gaiak lantzen dituzte.

Ganbarako doinuak abesti-albumaren grabaketan, berriz, Mikel Markezen laguntza berezia ere izan zuten.

Iragarri duenez, bariku honetan, otsailaren 7an, Itziarko Burugorri Aretoan zuzenekoa eskainiko dute. Xehetasunak Berriketan.eus Debako webguneak jaso ditu.