Kontxa Laspiurrek, WELLK enpresak eta Nagusilanek jaso dituzte Gure Balioak Sariak

Erredakzioa 2024ko aza. 28a, 08:00

Sarituak Eibarko Coliseo antzokian.

33 urte luzez AEK-ko irakasle eta bultzatzaile izan den Kontxa Laspiur eibartarrak jaso du 11. edizioko Gure Balioak Saria. Aurten, estreinakoz, beste bi sari ere banatu dituzte.

Pandemiaren osteko etenaldia atzean utziz, bi urtean behin banatzen dituzten Gure Balioak Sariak berreskuratu dituzte aurten. Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak banatzen ditu, eskualdeko Udalekin lankidetzan, eskualdeko norbanako eta erakundeei aitortza egiteko. Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia Eibarko Coliseo Antzokian. Kontxa Laspiur Zabala euskara-irakasle ohiak, WELLK enpresak eta Nagusilan elkarteak jaso zituzten sariak.

Pozik eta hunkituta jaso du saria Kontxa Laspiurrek

Kontxa Laspiur Zabala izan da aurtengo “bizitza osoko ibilbidea” kategoriako irabazlea. Sarien sorreratik egon den kategoria honen helburua pertsona bat bere bizitzan edo ibilbidean zehar eskualdeko gizarte-balioak ordezkatzeagatik saritzea eta aitortzea da, zehazki, Debabarrenean bertakotzat eta bereizgarri jotzen diren gizarte-balioak: integritatea eta errespetua, berrikuntza, solidaritatea eta lankidetza, eta ekintzailetza.

Honako edizio honetan, 33 urte luzez AEK-ko irakasle eta bultzatzailea izan den eta egun gutxi barru 100 urte beteko dituen Kontxa Laspiur Zabala saritzea erabaki du epaimahaiak. "Laspiurrek, aipatutako Debabarreneko gizarte-balioak ordezkatzeaz gain, gainditze espirituaren, entregaren, solidaritatearen eta erresilientziaren balioak ere ordezkatu ditu Debabarreneko gizartea euskaldun bilakatzeko lanetan, bai bere ibilbide profesional zehar, baita pertsonalean zehar ere", azaldu dute sari emaleek. Laspiur bera, bere familia lekuko zela, igo zen oholtzara saria jasotzera. Oso pozik eta hunkituta zegoela adierazi zuen irabazleak eta esker onak eman zituen: “Nik oso gustura egin dut lan euskararen alde. Nahi dudan gauza bakarra euskara salbatzea da. Denon esku dago euskaraz hitz egitea. Gora euskara!”. Atipikka Future Design Studioko kidea den Oihana Ortega artistak eginiko “Muin-fluxua” izeneko artelan/oroigarria jaso zuen Laspiurrek saritzat. Laboral Kutxak babestu du sariaren ekoizpena. 

Sari banaketa ekitaldia irabazleei buruzko bideoak eman zituzten. Hona Kontxa Laspiurri buruzkoa. 

”Gazte ekimena” saria WELLK enpresari

Orain artean 11 aldiz banatu duten sariaz gainera, ”gazte ekimena” eta “gizarte ekimena” kategorietako sariak ere banatu dituzte aurten estreinakoz. Lehenengoari dagokionez, helburua Debabarrenean enpresa-proiektuak garatu dituzten gazte ekintzaileak aintzat hartu eta babestea dela jakitera eman dute antolatzaileek. Kategoria berri honetako aurreneko saritua WELLK enpresa izan da. Eibarko enpresa honek jarduera fisikoa sustatzeko teknologia aktiboa sortzen du. Laboral Kutxak babestutako sarian 2.000 euro jaso zituzten. Aritz Guinea enpresako zuzendari eta sortzaileak horrelako sariak jasotzea "pozgarria” dela adierazi zuen, eta egiten duten lanari "ikusgarritasuna" ematen diola nabarmendu zuen.

Gizarte-ekimena Saria Nagusilan elkartearentzat

Hirugarren eta azken kategoriako saria, “gizarte-ekimena” kategoriakoa, Nagusilan irabazi-asmorik gabeko elkarteak jaso zuen. Nagusilanek nahi gabeko bakardadearen arazoari aurre egiteko proiektuak lantzen ditu. Orbea enpresak emandako 2.000 euroko saria jaso zuen Joserra Ezenarro elkarteko lehendakariak. Saria jasotzea ohore handia dela esan zuen oholtzatik elgoibartarrak. “Egunerokotasunean gure lanean murgilduta gaudenez, mundu guztia nahi gabeko bakardadearen arazoaz jabe dela uste dugu, baina ez da horrela, eta sari hau jasotzeak, gure lana egiten laguntzeaz gain, ikusgarritasuna emateko balio izango du”.