Zabalik dago Debabarreneko Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatutako jardueretarako izen-ematea

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 10a, 12:17

Debabarreneko Minbiziaren Aurkako Elkarteak debabarrendarrei zuzendutako lau jarduera antolatu ditu Eibarren, udazkenerako: arnasketa tailerra, Fisioterapia eta ebakuntza hitzaldia, senideendako dolu-taldea eta ibilaldi osasuntsuak. Doako jarduerak dira eta izen-emateak zabalik daude.

Arnasketa-tailerrari dagokionez, urriaren 16tik azaroaren 20ra bitartean, pazienteei zuzendutako arnasketa tailerra izango da, Lorena Carnevali adituaren eskutik. 11:00etatik 12:15era bitarteko saioak izango dira. Programak 6 saio ditu (astean behin), eta horietako bakoitzean erlaxazio gidatuak eta arnasketa kontzienteak Landuko dituzte. Izena emateko: https://www.contraelcancer.es/eu/talleres/arnasketa-tailerra-eibar

Urriaren 24an, berriz, Fisioterapia eta ebakuntza izeneko hitzaldia eskainiko du onkologian aditua den Eugenia Ollokiegi fisioterapeutak. Hitzaldi hori ere pazienteei zuzendutakoa da, 18:00etan hasiko da eta prozesu onkologikoetan kirurgiaren prestatzeari eta berreskuratzeari buruz hitz egingo da fisioterapiaren ikuspegitik. Izena emateko: https://www.contraelcancer.es/eu/talleres/fisioterapia-ebakuntzaren-ostean-eibar

Horrez aparte, azaroaren 7an hasiko da senideei zuzendutako dolu-taldea. 12:00etan elkartuko dira Ardantza kaleko lokalean.

Azkenik, jakinarazi dute ibilaldi osasungarriak hasita daudela, baina oraindik ere posible dela haietan izena ematea. Kasu honetan, herritar guztiei zuzendutako eskaintza da. 

Guztiak doan

Debabarreneko Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatutako jarduera horiek guztiak doakoak dira. Izena emateko, zuzeneko bideez aparte, beste bi bide ere badaude: telefonoz, honako zenbakira deituta: 943 45 77 22 edo emailez, hona idatzita: gipuzkoa@contraelcancer.es.