Biharko kontzertuari dagokionez, 23:00etan hasita, Eraztunen Jauna pelikula ezagunaren musika banda interpretatuko du Eibarko Musika Bandak, zehazki Hobbit trilogiako bi pieza eta Eraztunen Jaunak-eko guztia.
Musika interpretatzen duten bitartean, sei metroko pantailan pelikula horietako eszenak proiektatuko dituzte, “historia beste modu batera kontatzeko”, bandako zuzendari Andoni Vazquezek esplikatu duen moduan.
Ikuskizun ikusgarria
Hark esan duenez, “demaseko lana” hartu dute eta “ordu mordoa” pasatu dituzte biharko kontzertu berezia prestatzen. Soinu banda bat formatu horretan interpretatzen duten lehen aldia izango da Eibarko Musika Bandarendako. 45 musikari eta zuzendaria izango dira Untzagako taula-gainean eta teknikari profesionalak kontratatu dituzte soinuaren eta irudien bategiteaz ardura daitezen. Bandako zuzendariak azpimarratu duenez, banda bat ikusi ez duen norbaitendako ere ikuskizun "ikusgarria" izango da biharkoa.