"Umeentzat slack-line eskola sortzea gustatuko litzaidake" Xabier Amorrortu

G.Azkarate 2017ko ots. 16a, 10:19

Xabier Amorrortu elorriarrak sokaren gainean Euskal Herria eta munduan barrena izandako bizipenak kontatu zituen atzo Gaztetxean. Bost ikus-entzunezko aurkeztu zituen eta bukaeran erabiltzen duen materiala erakutsi zien bertaratutakoei.

Xabier Amorrortu elorriagak natura eta adrenalina maite ditu eta atzoko hitzaldian esan zuen bezala 16 urterekin eskalatzen hasi zenean engantxatu zen kirol-abenturetara. 

Lainoen gainetik ibiltzea, azken urteotako pasioa

Gaur egun Slack-line deituriko kirolean dihardu buru belarri eta Euskal Herrian zein munduan zehar ibili da soka gainean Amorrortu. Bere esanetan slack-line eta high-line bezalako kirolen onurak ez dira fisikoak bakarrik haratago doaz; "kirol sakona da, norbere sentimenduak, barruan daukazuna, kontzentrazioa, muskuluen eta gorputzaren kontrola eta oreka menperatzeak egunerokotasunean sortarazten dizun segurtasuna dira onura aipagarrienak niretzat".

Zer da Slack-linea?

Slackline, oreka ardatz duen kirola da. Horretarako, bi punturen artean tinkatzen den zinta plana bat erabiltzen da. Zintaren ezaugarriek, bere gainean saltu, akrobaziak eta yoga posturak egiteko aukera ematen du. 

Eta zer da High-linea?

Zinta altueran jartzen denean. Normalean aseguratuta. Modalitaterik extremoena da, honetarako teknika eta segurtasun ezaguera bereziak behar dira.

Zuhaitzetatik mendi gailurretara

Hitzaldia bost ikus-entzunezkorekin osatu zuen eta hauen tartean azalpenak eman zituen Xabierrek. Lehenengoan, bere hasierako pausoak zeintzuk izan ziren erakutsi zituen, besteak beste, soka bat zuhaitz batetik bestera jartzen hasi zela. Jarraian "Desintoxicación" bideo proiektatu zuen eraikin abandonatu batean grabaturikoa. Honen helburua momenturarteko bizipenak une batez ahaztu eta leku berri batean soka gainean ibiltzea ziren. Ondoren El Guerrero Pacífico pelikulan oinarritutako ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izan zen "Inshala" izenekoa. Bertan munduan zehar grabaturiko irudiak batu ditu; Maroko, Polonia eta Italiakoak besteak beste. Laugarrena Udalaitz mendian egindako high-linekoa izan zen, bertan, 80metro luzeko sokaren gainean lurretik 300 metroko altueraran lainoen gainetik ibiltzen ikus daiteke Xabier. Azkena, bideo berezi bat izan zen Bizkaiko "Alluntz" mendian kirol-abentura ezberdinak praktikatzen agertzen ziren elorriarra eta bere lagunak; Swin-rock jauzia, hau da amildegi batetik tirolina batera lotuta salto egitea, high-linea, parapente jauzia etab. 

Hitzaldiaren amaieran erabiltzen dituen materialak erakutsi zituen eta kirol honek duen segurtasun maila altuaren berri eman zuen. Amaitzean Xabierrek entzuleen galderei erantzun zien mendi taldeko kideek jatekoak prestatzen zituzten bitartean.

Kirola sustatzeko lanean

Elorriarraren  helburuetako bat kirola gizarteratzea eta ezagutzera ematea da eta horretarakohitzaldi zein erakustaldien garrantzia azpimarratu zuen. Azkar hasi eta aldatzen diharduen kirola dela esan zuen eta umeentzat eskola sortzea gustatuko litzaiokela aitortu zuen. Bestalde disfrutatzen jarraitzea eta erronka modura Udalaitzen 200metro luzerako soka gainean ibiltzea du begiz jota Xabierrek.

Soraluzeko mendi taldeak "Finlandiako itsaso izoztua" izeneko hitzaldia antolatu du datorren asteazkenarako hilak 23. Hizlaria Unai Arakistain markinar abenturazalea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.