“Obrak hitz egiten du jendea itxuragatik edo jatorriagatik epaitzeko dugun joeraz” Eduardo Pombar

E. Unamuno 2017ko ots. 15a, 17:11

Eduardo Pombar.

Zapatu iluntzean, Banarte antzerki taldeak “Dudas razonables” antzezlana eskainiko du antzokian. Bertan parte hartzen du Eduardo Pombar soraluzetarrak, argazkilariaren papera interpretatuz. Berarekin berba egin dugu antzezlanaz. 

Noiz hasi zinen Banarte antzerki taldean?

2008an hasi nintzen, antzerki tailer bat egiten. Tailerra amaitu eta gero, taldekoa izatea proposatu zidaten, eta, orduz geroztik, Banarte antzerki taldeko kidea naiz. Dudas Razonables gure 5. antzezlana da.

Noiz estreinatu zenuten obra?

Obra iazko maiatzean estreinatu genuen, eta egon gara Eibarren, Burgosen, Madrilen, Durangon, Iurretan... Asmoa dugu 2017ko abendura arte jarraitzeko, eta emanaldiak lotuta dauzkagu Valladoliden, Barakaldon, Elorrion, Erandion eta beste toki askotan….

Zer kontatzen du?

Lanak hitz egiten du jendea bere itxuragatik, bere jatorriagatik edo bere klase sozialagaitik epaitzearen arazoaz. Askotan jendearekin injustuak gara horregatik, eta kalte asko egin dezakegu.

Dudas Razonables erakusten du herri-epamahai baten deliberazioa. Herri-epaimahai horrek erabaki behar du 18 urteko mutil bat bere aitaren hilketaren erreduna den ala ez.

Ia epaimahai guztiak erruduna dela pentsatzen du, baina pertsona bat hasiko da argudio guztiak desmuntatzen, eta saiatuko da epaimahia iritziz aldatzen. Lan hau “Doce hombres sin piedad” lanean oinarrituta dago.

Zer da, komedia ala drama?

Ez da komedia, barre egiteko uneak dituen arren, eta ez da drama ere, une dramatikoak ere badituen arren.

Ikusleek herri-epaimahaiko kideek euren buruari egiten dizkioten galdera berdiñak egingo dizkiote euren buruei; “erruduna da?”.

Obrak aurrera egin ahala, ikusleari zalantzak piztuko zaizkio.

Zein da zuk antzezten duzun pertsonaia?

Nire pertsonaia argazkilari bat da, ideiak argi dituena. Saiatuko da gainerako kideek nerbioak gal ez ditzaten eta epai justua eman dezaten.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.