Opariak jaso ostean, mahai bueltan eseri dira dozena bat lagun eta mokadutxoa janaz tertulian jardun dute. Tartean gerra garaiko kontuak aipatu ditu, Aragoin batallon de trabajadoresen egon zenekoa, esaterako: "bakoitzak plaka bat eukitzen genduan geure numeruakin. Nik, por ejemplo, hogetalaugarrena neukan eta hogetabosgarrenak ihes egitten baheban, neu fusilauko ninduen. Terriblia izan zan haura".
Ehun urte bete izana ere izan dute berbetagai, Inaziok umorez heldu dio: "Hara, Donostian esaten doste neu naola onduen; neu naiz kanpeoia orduan?";"Laster ehun urteko asko egongo da ta lanerako jente gitxi";"Harrotuta nao ointxe, danak esaten doste guapo naola; "Honekin makili(h)onekin Donostiako alkatetarako presentauko naiz".
Gaur eguneko bizimoduaren gainean ere galdetu diote, eta liburutegira joaten dela aipatu du: "sarri juaten naiz bibliotekara, rebistak eta irakurtzera. Donostian aukera haundixa dao danerako". Andreak aldamenetik baieztatu du, baietz, asko irakurtzen duela eta gutxi hitz egin. "Berbetalari ona izateko inportantiena da: entzuten jakitzia" gaineratu du berak.
Beste omenaldi bat jasoko duela ere jakinarazi diote. Otsailaren 11n, EAJk egingo dio omenaldia Batzokian, alderdi jeltzaleko afiliaturik nagusiena izateagatik.
Eten barik etorri da jendea Inazio zoriondu eta agurtzera, eta berak gogo onez hartu ditu denak. Astea Soraluzen pasatzekoa da, eta izango ei du astia batarekin eta bestearekin egoteko.