Debabarreneko herriek maiatzaren 7an egingo dituzte galdeketak

Erredakzioa 2017ko urt. 23a, 09:30

Maiatzaren 7an galdeketak egingo dituzte Debabarreneko herririk gehienetan: Itziar, Mutriku, Deba, Elgoibar eta Soraluzen. Guztira, 16 urtetik gorako 46.500 debarrendarrek izango dute bozkatzeko aukera. 

Beste herri eta bailara batzuei lekukoa hartuta, Gure Esku Dagok Debabarrenean antolatuko dituen galdeketen berri eman zuen zapatuan, Eibarren.  Maiatzaren 7a (domeka) da galdeketak egiteko aukeratu duten eguna. 

Aurtengoa Gure Esku Dagok bultzatuta egin diren herri-galdeketen bigarren olatua izango da, eta bertan parte hartuko dute Debabarreneko herri gehienek, Ermuak eta Mendarok ezik, beste guztiek. Herriotan, 16 urtetik gorako 46.500 herritar bizi dira, eta guztiek izango dute botua emateko aukera. 

Sinadurak batu eta galderak zehaztu

Hurrengo lana sinadurak batzea izango da. Debabarreneko herrietan 4.400 sinadura baino gehiago batu nahi dituzte, eta herritarrei dei egin diete sinadura kanpainan parte hartu eta galdeketa egitearen alde euren sinadura eman dezaten. Horren ostean, galdeketan egin beharreko galdera edo galderak zehaztuko dituzte; herri bakoitzak berea. Hainbat herritan zehaztua dute dagoeneko, eta beste batzuetan, Soraluzen, esaterako, oraintxe hasiko dute galdera zehazteko prozesua.

Hori egin eta gero, maiatzaren 7ko galdeketa prestatzen hasiko dira.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.