Herritar bati zakurra akabatu diote bidegorrian, alemaniako bi artzain zakurrek eraso eginda

E. Unamuno 2017ko urt. 21a, 08:45

Rocky, schnauzer arrazako zakurra.

Eguazten arratsaldean gertatu zen erasoa, bidegorrian, Carmelo Mendizabal lantegiaren parean. Alemaniako bi artzain zakurrek eraso egin zioten schnauzer arrazako zakur txikiari, eta eragozten ahalegindu zen bere jabeari ere bai. Jabeak salaketa jarri du. 

Herritarrak azaldu digunez, eguazten arratsaldean, zazpi terdiak aldera, bere zakurrarekin bidegorrian paseoan zijoala, alemaniako artzain arrazako bi zakur agertu ziren Carmelo Mendizabal lantegiaren parean, eta eraso egin zioten uhalean lotuta zeraman schnauzer arrazako zakur txikiari. "Zakurtxoa itsu zegoen aspalditik, hamar kilo pisatzen zituen, eta heldu ziotenean, batera eta bestera erabili zuten panpina baten moduan, erdi akabatuta laga zuten arte. Ni ahalegindu nintzen zakurrei aurre egiten, baina niri ere besotik heldu zidan batek, eta ezin izan nuen ezer egin. Eskerrak arropa asko neraman, horri esker, ez ninduten zauritu" kontatu du herritarrak.

Schnauzer arrazako zakurra albaitariarengana eraman zuten, baina handik ordu batzuetara hil zen, eragin zizkioten zauri larrien eraginez. Jabea ere Mendaroko ospitaleko larrialdietan artatu zuten, zauri larririk ez zuen arren.

Herritarrak salaketa jarri du udaltzaingoan, eta eraso egin zioten zakur jabeei eskatu die zakurrak arreta gehiagorekin zain ditzatela, "are gehiago, horrenbeste jende dabilen leku batean". Erakunde publikoei ere, "hartu beharreko neurriak" hartzeko eskatu die, "berriz horrelakorik gerta ez dadin".

    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.