Iraultz Arluziaga (Sare): “Presoen auzia herritarron presioaren bidez konponduko da”

E. Unamuno 2016ko abe. 23a, 13:15

Iraultz Arluziaga, Sareko kidea.

Iraultz Arluziaga Soraluzeko Sareko kidea da; euskal preso, iheslari eta deportatuen giza-eskubideen alde diharduen herritarren sarekoa. Herriko alkate eta zinegotzi ohien agerraldia lantzen jardun ostean, Sarek deituta, urtarrilaren 14an Bilbon egingo den mobilizazioa prestatzeko lanean dihardu buru-belarri.

Alkate eta zinegotzi ohien adierazpenak zenbaterainoko garrantzia du?

Eloi eta Sebasen egoera larriaren aurrean emandako pausoa da. Argazki horrek errepresentatzen du herrian dagoen aniztasunaren zati handi bat. Elkarbizitzaren bidean emandako pauso txikia da, baina garrantzitsua. Herrian zinegotzi eta alkate izan diren pertsona guztiekin egon gara, sekulako lana izan da, baina emaitza hor dago. Aurrerapauso bat da eta nahi genuke etorkizunean gehiago ematea.

Zer aldatu da argazki hori posible izan dadin?

Nere ustez, azkenengo urteotan egin dugun lanaren emaitza da. Orain dela urte batzuk enfrentamendu handia zegoen, baina poliki poliki, harremanak landuz, elkarbizitza lantzen dihardugu. Momentu honetan, herritarren gehiengoa presoen eskubideak errespetatzearen alde dago eta horregatik izan da posible. Aietetik bost urte pasatu direnean, presoen egoerak okerrera egin du. Ostera, gizartearen gehiengoak eskatzen du gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak askatzea.

Sarek ez du amnistiarik eskatzen.

Aldaketa hori modu naturalean gertatu da. Gizartea eta egoera politikoa aldatu egin dira eta presoen eskubideen aldeko mugimendua ere bai. Tren baten ibilbidea balitz, esango genuke geltokiak bereizi direla. Lehenengo geltokian oinarrizko eskakizunak egiten dira eta azkenengo geltokian presoak eta iheslariak herrira ekartzea. Argi dago presoen auzia ez dela konponduko ETAren eta estatuaren arteko negoziazioaren bidez, herritarren presioaren bidez baizik. Horrela lortu nahi ditugu giza-eskubideak guztiondako, konponbidea eta bakea.

Norbaitek pentsatuko du “betikoak betikoa eskatzen”.

Joan zen urteko Bilboko pankartari begiratu besterik ez dago hori horrela ez dela jakiteko. Presoen eskubideen aldeko mugimendua anitzagoa eta zabalagoa da orain. Ibarretxe, Azkarraga, Lasagabaster, Rodero eta egunotan bere atxikimendua ematen diharduen jende ezagun guztia... Gizartearen gehiengoaren atxikimendua behar da eta atxikimendu hori lantzea da Sareren egitekoa.

Zein ekimen bultzatuko dituzue etorkizunean?

Espetxe politika honek eragiten duen sufrimendua amaitu dadin nahi dugu eta , horretarako, herritarrek eskubide urraketa horiek salatu ditzaten Salatzen dut ekimena jarri dugu martxan.

Abenduaren 31n elkarretaratzea egingo dugu Plaza Berrian eta photocalla-a jarriko dugu udaletxe azpian, salaketaren hatzamarrarekin argazkiak ateratzeko. Horrekin batera, autobusak antolatuko ditugu urtarrilaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora joateko. Iaz hiru autobus bete ziren eta aurten laugarrena betetzea seinale ona litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.