Jaiotzen 30. Lehiaketa egin zuten domekan eta Elena eta Maria Amarok aurkeztutako jaiotzak jaso zuen lehen saria.
Parrokiako Katekesiak jakinarazi duenez, 16 jaiotza aurkeztu zituzten aurtengo lehiaketara. Epaimahaiak Elena eta Maria Amarok aurkeztutako jaiotzari eman zion lehen saria. Amarotarrek Sigma lantegiko ikur izan zen josteko makina erraldoiaren bueltan osatutako jaiotza aurkeztu zuten. Iazko lehiaketako irabazleek eskuratu zuten bigarren saria, Leire Eguren eta June Arregik, hain zuzen ere. Hirugarren saria, berriz, Saioa Etxeberria, Maddi Agirre, Ane Agirre eta Uxue Etxeberriak aurkeztutako lanak jaso zuen. Lehen zortzi sailkatuek jaso zituzten garaikurrak, baina gainerako parte hartzaileentzat ere egon ziren sariak eta opariak, dominak, gozokiak eta motxilak, besteak beste.
Lehiaketara aurkeztutako jaiotza guztiak San Bartolome kalean zegoen Skandalo dendaren erakusleihoan jarri dituzte ikusgai, eta bertan egongo dira urtarrilaren 9ra bitartean.
• Erregeen Kabalgatako segizioa
Parrokiako Katekesiak antolatzen duen Errege Magoen Kabalgatako segizioan parte hartu nahi duten umeek abenduaren 21ean eman beharko dute izena Gotzon Garate Udal Liburutegian, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.